Gaurko eguna berezia ari da izaten Jon Garate Misille Onceko loteria saltzailearentzat. Urte luzeetako borrokaren ondoren, lortu du loteria saltzeko estalpea Alde Zaharrean jartzea. "Poz handiz" hartu du Misillek berria, baita zenbait herritarrek ere, asko izan baitira denbora gutxian borrokak merezi izan duela-eta, hura zoriontzera hurbildu direnak. Plazaberrian jarri dute kioskoa, kale horretako 65 eta 67 atarien aurrean.
Loteria saltzaileak Onceri eskaera aurrenekoz duela lauzpabost urte luzatu bazion ere, kioskoa lortzeko sinadura bilketa 2024ko sanandresen bueltan abiatu zuen; bost egunetan, ia 1.600 atxikimendu bereganatu zituen Misillek.
Sinadura horiekin guztiak eskuetan, eskaera ofiziala egin zion herriko loteria saltzaileak Onceri, eta hura onartuta, erakunde horrek udalari egin zion aterpea jartzeko eskaera. Udalak udan onartu zuen hura, eta azkenean, gaur jarri diote estalpea. Aterpea egokitzeko azken lanen faltan, Misillek azaldu du "datozen egunetan" jarriko dutela hura erabiltzeko moduan.