Loteria saltzailea, teilatu bila

Ane Olaizola 2024ko abe. 11a, 09:34

Garate, lanerako leku duen Taileturen atarian, sinadurekin. (Ane Olaizola)

Kalean lan egiten du Jon Garate Misille loteria saltzaileak, eta egoera horretan ez segitzeko, kiosko bat behar du. Bost egunetan, 1.600 sinadura baino gehiago bildu ditu.

Astelehen goiza da, bederatziak jo berri ditu. Euria goian-behean, eta farmaziaren kanpoaldeko termometroak sei gradu zenbatzen ditu. Saltoki horren bestaldean da, goizero bezala, Jon Garate Misille Onceko langilea, diruz zorte oneko izateko esperoan hurbildu zaizkion bezeroei loteria saltzen. Kale Nagusian, Tailetu etxe agentziak zuen bulegoaren atariaren aterpetxoa hartua du hark lanerako leku. Ordea, goizeko lanaldia eginda, eguerdian baja hartu du: katarroa du.

Biharamunean [atzo], loteria saltzailea leku berean elkartu da GUKArekin, bere egoera plazaratzeko asmoz. Izan ere, lantokitzat duen Taileturen atarian, horixe bera behar duela azaldu du beharginak: teilatua, aterpea; kiosko bat, finean. Eta batez ere orain, negu sasoian: "Kalean egiten dut lan, baita eguraldi txarra egiten duenean ere. Orain hotz egiten du, baina hotza baino okerragoa da euria, hezetasun handia egoten baita".

Garatek hogei urte inguru daramatza Azkoitian loteria saltzen, eta betidanik jardun izan du beharrean kalean. Beraz, ondo baino hobeto ezagutzen ditu hark herriko txokoak, eta egunaren zein giroaren arabera, aterpetxoak bilatu behar izaten ditu loteria saltzeko; "ahal dudan moduan moldatzen naiz", dio.

Herritarren babesa

Gogoan du hark duela urte batzuk Oncek kiosko bat izan zuela Plazaberrin, eta horrelako azpiegitura bat eskatu izan dio azkoitiarrak enpresari behin baino gehiagotan, jakitun inguruko herri "askotan" izaten dutela halako bat Onceko loteria saltzaileek. "Aspaldi eskatu nuen kiosko bat edukitzea, baina enpresaren aldetik guztia zen luzapena, eta nazkatuta, etsi egin nuen". Joan zen otsailean, berriz hasi zen hura barrualderen batean lan egiteko azpiegitura Onceri galdegiten, eta oraingo honetan, herritarren babesa bereganatu du; izan ere, kioskoa lortzeko sinadura bilketa hasi zuen duela bi aste, eta bost egunetan, 1.600 atxikimendu baino gehiago bereganatu zituen. Hori dela eta, pozik eta harrituta azaldu da jaso duen babesaz: "Izugarria izan da jaso dudan erantzuna, ez sinestekoa".

Garatek enpresari helarazi dizkio sinadura bilketaren emaitzak, eta honakoa izan da haren erantzuna, hark kontatu duenez: "Enpresa leku txarrean utzi dudala esan didate. Baina haiek ederki daude barruan epelean, eta ni hemen, kalean nago, hotzetan". Dena den, enpresak saltzaileari jakinarazi dio "martxan jarri" duela kioskoa lortzeko prozesua, baina aurreratu dio "luze" jo dezakeela kontuak. Hain zuzen, enpresaren baiezkoa lortuta ere, ez litzateke hor amaituko Garatek kioskoa lortzeko hasia duen bidea: "Onceren baieztapena dudanean, udalera joan behar dut kioskoarentzat lekua egiteko eskatzera; han ere esan didate kontu horiek makal joaten direla". Eliz atarian edo plazako arkupeetan nahiko luke hark kioskoa izatea, baina bien bitartean, behin-behineko babeserako gunerik ez duela azaldu du.

Bezero baten eskaerak moztu du GUKAren eta Garateren arteko elkarrizketa, baina gaixotasun bajan dagoela erantzun dio saltzaileak, eta ez duela loteriarik saltzeko. Guztia ez da zorte kontua bizitzan, ez behintzat lan baldintzak hobetzeko bidean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide