Anaitasunak eta Alavesek datorren asteazkenean jokatuko duten Espainiako Errege Kopako lehen kanporaketa 1.400 zalek jarraitu ahal izango dute Txerloian, futbol estadio horretan aparteko harmailak jarriko dituelako Azkoitiko klubak. Azken egunetan Anaitasunaren komunitatea osatzen duten jokalariek eta bazkideek nahiz jokalarien gurasoek izan dute txartelak eskatzeko aukera, eta horien zerrendak osatuta, 280 sarrera inguru libre geratu direla jakinarazi du Anaitasunak.
Hain zuzen, Anaitasunak eta Ordiziak bihar, 17:00etan, Txerloia futbol zelaian jokatuko duten ligako partida baliatuko du klubak libre geratu diren sarrerak saltzeko, eta orduan, bazkideek beren "inguruko pertsonentzako" sarrerak erosteko aukera izango dute 30 euroan; sarrera horiekin, aparteko harmailetatik jarraitu ahal izango dute Anaitasunaren eta Alavesen partida zaleek. Horrez gain, aurrez sarrerak eskatuta eta dagoeneko ordainduta dituzten bazkideek ere bihar jaso beharko dituzte txartel horiek.