Miruren ipuin kontaketarekin abiatu dituzte Asteklimaren barruko ekintzak

Andoni Elduaien

Haurrak adi, Miruren azalpenak entzuten. (Argazkiak: Aizkibel liburutegia)

Miru sorginak Nik maite dut natura ipuina kontatu zien haurrei liburutegian. Gaur, berriz, ibilaldi gidatua egiteko aukera izango dute herritarrek Floreaga eta Jausoroko babesleku klimatikoetan zehar.

Asteklima Euskadiko Klima eta Energiaren Astea ospatuko du Azkoitiak hilaren 25era bitartean, eta aste horrekin bat eginez, naturaren, biodibertsitatearen eta klima aldaketaren inguruko hainbat ekintza izango dira herrian. Atzo, ostirala, egin zuten aurreneko Aizkibel liburutegian. Miru sorginak Nik maite dut natura ipuina kontatu zien HH 5 eta LH3 mailen artean dauden zenbait umeri, haiei naturarekiko interesa eta errespetua sustatzeko xedez.

Klima aldaketaren inguruko kontzientziazioa sustatzea eta ingurumenaren zaintzan herritarren inplikazioa indartzea dira egitasmo horren helburuak. Asteklimaren barruan, tokiko naturguneak eta udalerriko ekosistemak ezagutzeko aukera eskainiko du aurten udalak, haiei balioa emateko asmoz.

Gaur, berriz, ibilaldi gidatua egingo dute Floreaga eta Jausoroko babesleku klimatikoetan zehar. Laia kooperatibako eta Izadi 21eko kideek osatutako lan taldeak herriko bi eremu horiek ezagutzeko aukera eskainiko die herritarrei, eta babesleku klimatikoek herritarren ongizatean nahiz klima aldaketara egokitzeko prozesuan duten garrantziaz emango dituzte azalpenak. Ibilaldia 11:00etan abiatuko da Floreagako bolatokitik, eta bi orduz luzatuko dute.

Idazketa tailerra, ostegunean

Atzoko ipuin kontaketa saioa atzean utzita, Aizkibel liburutegiak umeentzako idazketa tailerra antolatu du hilaren 22rako (18:00). Saio horretan parte hartzen dutenek ipuin bat sortu beharko dute ordubeteko saioan, Miru ipuin kontalaria bidelagun dutela. 

Antolatzaileek azaldu dutenez, jolas dinamikoen bidez, hasieratik amaieraraino asmatuko dute istorio bat parte hartzaileek, eta horretarako irudimena jarriko dute martxan. LH1etik LH3. mailara arteko ikasleek parte hartu ahal izango dute bertan, eta horiek dagoeneko eman dezakete izena, liburutegira joanda edo hango 943-85 08 98 telefono zenbakira deituta. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide