Asteklima Euskadiko Klima eta Energiaren Astea izango da urriaren 16tik 25era bitartekoa, eta aste horrekin bat eginez, naturaren, biodibertsitatearen eta klima aldaketaren inguruko hainbat ekintza izango dira Azkoitian. Klima aldaketaren inguruko kontzientziazioa sustatzea eta ingurumenaren zaintzan herritarren inplikazioa indartzea dira egitasmo horren helburuak. Asteklimaren barruan, tokiko naturguneak eta udalerriko ekosistemak ezagutzeko aukera eskainiko du aurten udalak, haiei balioa emateko asmoz.
Asteklimari lotuta, guztira, lau hitzordu izango dira Azkoitian. Urriaren 16an, ostiralez, HH 5 eta LH 3 mailetako haurrei zuzendutako ipuin kontaketa saioa izango da Aizkibel liburutegian (18:00). Miru sorginak kontatuko du Nik maite dut natura ipuina, eta umeei naturarekiko interesa eta errespetua sustatzeko aukera eskainiko die. Dagoeneko eman daiteke izena ipuin kontaketa saio horretarako, libururtegian bertan.
Urriaren 17an, zapatuan, ibilaldi gidatua egingo dute Floreaga eta Jausoroko babesleku klimatikoetan zehar. Laia kooperatibako eta Izadi 21eko kideek osatutako lan taldeak herriko bi eremu horiek ezagutzeko aukera eskainiko die herritarrei, eta babesleku klimatikoek herritarren ongizatean nahiz klima aldaketara egokitzeko prozesuan duten garrantziaz emango dituzte azalpenak. Ibilaldia 11:00etan abiatuko da Floreagako bolatokitik, eta bi orduz luzatuko dute ibilaldia.
Urriaren 22an, ostegunez, Urola ibaiko landare inbaditzaileen inbentarioa eta ekintza plana aurkeztuko du Aranzadi zientzia elkarteak. Urola ibaian identifikatutako landare inbaditzaileen inguruko lanaren eta horiei aurre egiteko proposatutako ekintza planaren berri emango dute Aranzadikoek Elkarguneko Oteiza aretoan, 18:00etan.
Urriaren 23an, ostiralez, Urola ibaiaren azterketa egingo du Laia kooperatibako eta Izadi 21eko kideek osatutako lan taldeak. Jausoroko berdegunean hasiko dute ekintza hori, 17:30ean, eta besteak beste, herriko ur ekosistemaren ingurumen egoera zein den azalduko dute. Ibaian bizi dien bizidun txikienen azterketa ere egingo dute.