17.000 euro bideratuko ditu Ttipi-Ttapa taldeak alzheimerraren ikerketara

Andoni Elduaien

Ttipi-Ttapako eta Cita Alzheimer fundazioko kideak, Elkargunean. (Andoni Elduaien)

Atletismo taldeak Elkargunean egin du urriaren 3an egin zuten VI. Lasterketa Solidarioaren balorazioa, eta han eman du berria: Cita Alzheimer fundazioari 17.000 euro emango dizkiote, alzheimerraren ikerketaren alde lanean jarrai dezaten. Lasterketa solidarioaren antolatzaile taldeak inoiz dohaintzan eman duen diru kopuru handiena da aurtengoa. 

Ttipi-Ttapa atletismo taldeak antolatutako VI. Lasterketa Solidarioak muga guztiak hautsi ditu berriro ere. Elkartasun eta solidaritate sarea herrian urtez urte hazten ari dela erakutsi du beste urte batez talde horrek, guztira, 17.000 euro bildu ditu-eta Cita Alzheimer fundazioari dohaintzan emateko. Oroitzapenek bihotzean diraute lelopean alzheimerraren ikerketaren aldeko kolore griseko olatua eratu zen Azkoitian urriaren 3an, eta atzo, asteazkena, VI. Lasterketa Solidarioaren balorazioa egin zuen elkarteak Elkargunean.

Nekane Zalbide antolatzaileak adierazi zuen taldeak aurreko aldietako emaitzetara gerturatzea zuela helburu, baina aurreikuspen guztiak gaindituta, azken aldian baino 4.000 euro gehiago pilatu dituztela. "Oso pozik gaude emaitzarekin, helburu guztiak bete dira eta. Azkoitia oso eskuzabala da. Ni ez naiz azkoitiarra, baina halako egunetan poza ematen du Azkoitian bizitzea. Azkoitiak duen guztia ematen du horrelako egunetan. Harro sentiarazi gintuen urriaren 3ko egunak", esan zuen antolatzaile taldeko kideak. 

Kristina Uribeetxeberria Cita Alzheimer fundazioko kideak, bestalde, "bihotz bihotzez" eskertu zuen Ttipi-Ttapa taldeak egindako lana. "Eskerrik asko gugan pentsatzeagatik eta kanpaina hau aurrera atera zedin jarri duzuen lan, indar eta ilusio guztiagatik, bereziki, buru-belarri lanean aritu zaretenoi, besteei ere lasterketan parte hartzeko gogoa piztu diezue eta", azaldu zuen fundazioko ordezkariak. Uribeetxeberriak adierazi zuen alzheimerraren ikerketara bideratuko dutela dohaintzan jasotako diru guztia. "Aurrera egiteko, ikertzen jarraitu beharra dago, eta ekarpen honek horretan lagunduko digu. Dena den, diruaz gain beste gauza asko eman dizkiguzue: alzheimerra ikusarazi duzue, herria mugitu duzue eta pertsona nahiz familia askori babesa erakutsi diezue. Eskerrik asko zuen eskuzabaltasunagatik eta gure lana bultzatzen laguntzeagatik". 

Guztira, 1.200 dortsal baino gehiago saldu dituzte aurtengo lasterketa solidarioan: 220 umek baino gehiagok eta 960 helduk. Ordea, aurten aurrenekoz 0 dortsala izeneko egitasmoa jarri du martxan Ttipi Ttapak, eta Zaldibek esan zuen "bere eragina" izan duela. "Nahiz eta lasterketaren egunean ezin parte hartu, askok erosi dute probako kamiseta, kausarekin bat eginez". Parte hartzaileen %89 azkoitiarrak izan dira, eta gainerakoa inguruko herrietatik Azkoitira lasterketan parte hartzera etorritakoek osatu dute. "Adin guztietako lagunek parte hartu dute, baina, bereziki, gazteak izan dira izena emandakoen artean gehienak. Gainera, alzheimerra pairatzen duten herritarrek ere parte hartu zuten lasterketan, eta oso polita izan zen hori", adierazi zuen Zalbidek. 

Norbanakoek egindako donazioen eta dortsal nahiz kamiseta salmenten bidez bildutako diruaz gain, Ttipi-Ttapak hainbat diru laguntzak jaso du aurten ere. Azkoitiko Udalak 6.500 euro eman dizkio atletismo taldeari eta herriko enpresek, komertzioek, kafetegiek zein tabernek 10.000 eurotik gora eta zozketetarako 70 bat sari eman dizkiote. "Eskerrak eman nahi dizkiegu guztiei, urtetik urtera geroz eta zifra altuagoez ari gara-eta hitz egiten". Era berean, "esker bereziak" eman zizkioten Ttipi-Ttapakoek lasterketa solidarioa behar bezala atera zedin norbanakoek, taldeek, enpresek eta erakundeek egin duten ekarpenagatik. 

Urtez urte, gehiago

Bi urtez behin antolatzen du Ttipi-Ttapa taldeak lasterketa solidarioa, eta urtetik urtera diru kopuru handiagoa ari da biltzen. Lehen aldian, Katxalin elkarteari 9.500 euro eman zizkioten; bigarren urtean Aspanogiri 11.500 euro; hirugarren aldian, 12.000 euro Marea Urdinari; 2022an, 12.500 euro BioDonostiari; eta duela bi urte 13.000 euro Ademgi esklerosi anizkoitza duten pertsonen Gipuzkoako elkarteari. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide