Elkartasunaren saria jaso du BioDonostiak Ttipi-Ttaparen eskutik

Mailo Oiarzabal 2022ko urr. 11a, 09:00

Biodonostiako Javier Ruiz jasotako diruaren txekearekin, Ttipi-Ttapako kideez eta laguntzailez inguratuta. (Mailo Oiarzabal)

IV. Lasterketa Solidario Inklusiboaren balantzea aurkeztu eta egitasmoarekin parkinsonaren ikerketarako lortutako 12.500 euroak eman zituen atzo Azkoitiko elkarteak, orain arteko edizioetako kopururik handiena. Esker onez jaso zuen dohaintza BioDonostia ikerketa institutuko Javier Ruiz neurologoak eta, aurreikuspen guztiak gaindituta, "oso-oso pozik" azaldu ziren antolatzaileak.

"Elkartasuna da saria". Esaldi horrekin laburbildu zuen atzo arratsaldean BioDonostia ikerketa institutuko Javier Ruiz neurologoak Azkoitiko IV. Lasterketa Solidario Inklusiboak emandakoa. Urriaren 1ean herriko kaleak jendez, kirolez eta elkartasunez bete zituen lasterketaren balantzea aurkeztu eta egitasmoarekin aurtengoan parkinsonaren ikerketarako lortutako 12.500 euroak atzo eman zituen, izan ere, Ttipi-Ttapak, Lasterketa Solidario Inklusiboa antolatzen duen bi urtetik behin elkarteak; Ruizek ordezkatu zuen BioDonostiako gaixotasun neurodegeneratiboen arloko lantaldea Elkargunean, eta haren eskuetan utzi zuten antolatzaileek orain arteko edizioetako kopururik handiena bildu duenaren txekea.

"Guretzat, parkinsona dutenentzat eta haien inguruko guztientzat bezala, aukera oso ona zen egitasmo honen parte izatea. Horrelako ekimenak oso garrantzitsuak dira. Jasotako diruak hainbat gauza egiteko aukera emango digu, baina ekimena izatea bera da garrantzitsuena", adierazi zuen Ruizek. Urriaren 1ean Azkoitian izan zen bera, eta bizitakoa gogora ekarrita, "ikusi nuena ikustea, izugarria izan zen", zioen, parkinsonaren bueltan bizi izan dituenen artean Azkoitikoa "esperientzia sinestezinenetakoa" izan zela gaineratuta.

Ttipi-Ttapak antolatutako lasterketan jasotakoa zertan erabiliko duten azaltzerakoan, "parkinsonaren ikerketak eremu oso zabala eta anitza hartzen" duela azaldu zuen neurologoak; proiektu asko abitzen dituztela, eta "askotan" horiekin aurrera egin ahal izateko "zailtasunak" izaten dituztela esan zuen Ruizek: "Azkoitiko lasterketarekin bildutakoa esku artean ditugun proiektu guztientzat oso garrantzitsua izango dela esan dezaket. Izan ere, gure kasuan, proiektuek ez dute hasiera eta bukaera bat izaten. Martxan jartzen dituzu, beti motz gelditzen den dirulaguntza bat eskatzen duzu, eta askotan, Lasterketa Solidario Inklusiboaren gisako ekimenak baliatu behar izaten dituzu. Dohaintzak zein diru poltsa komunean gordetakoak erabili behar izaten dituzu bestela zintzilik geldituko liratekeen proiektuekin aurrera jarraitu ahal izateko. Azkoitian bildutakoarekin, dagoeneko martxan ditugun eta bukatu ahal izateko zailtasunak izango genituzkeen proiektuak burutu ahal izateko zortea izango dugu". Hala ere, bildutako kopurua "ikusgarria" eta espero zutena baino handiagoa izan dela kontuan hartuta, "berariazko proiektu berri bat" sortuko dutela aurreratu zuen Ruizek, "Ttipi-Ttapak eta bere logoak gurean betirako beren txokoa izan dezaten eta jendeak ere izan dezan eman diguten babesaren berri".

Sandra Camarzanak eman zion txekea BioDonostiako Javier Ruizi. (Mailo Oiarzabal)

Markak gaindituz

Ttipi-Ttapako Sandra Camarzana eta Maialen Elorza izan zituen ondoan Ruizek atzo, eta azken horrek eman zituen IV. Lasterketa Solidario Inklusiboak utzitako emaitzak. Bi urtez behin antolatzen du Ttipi-Ttapak Lasterketa Solidario Inklusiboa. Katxalin elkarteari 9.500 euro eman zizkioten lehen edizioan, Aspanogiri 11.500 euro bigarrengoan, eta 12.000 euro Marea Urdinari hirugarrengoan. Aurtengorako helburua "aurreko edizioko zifrak berdintzea" zen, Elorzak atzo azaldu zuenez. Baina berdindu ez ezik, hobetu egin dituzte, eta ez bakarrik bildutako diru kopuruari dagokionez. Izan ere, parte hartzean ere markak hautsi ditu IV. Lasterketa Solidario Inklusiboak: 1.100 parte hartzailera iristea espero zuten Ttipi-Ttapakoek, eta guztira 1.150 inguru izen-emate izan zituzten, 250 haur eta 900 heldurekin.

Parte hartzaileen gaineko zenbait datu eman zituen Elorzak. Izena emandako gehien-gehienak, %85, azkoitiarrak ziren, "baina beste herrietatik ere etorri zen jendea: Azpeititik, Zumaiatik, Bergaratik, Oriotik, Eibartik eta beste toki askotatik". nabarmendu zuen. Adin tarte jendetsuena 40 eta 50 urte artekoena izan, baina gazteen partaidetza azpimarratu nahi izan dute antolatzaileek; izan ere, 20 eta 25 urte artekoak izan ziren lasterketan parte hartu zutenen %10a eta Ttipi-Ttapakoak gustura daude, "gazte dezente animatu" zirelako. Parkinson gaixotasuna duten hainbat lagunek ere parte hartu zuten lasterketan, eta hori "benetan pozgarria" izan da Ttipi-Ttapakoentzat. Azkenik, lasterketan parte hartzerik izan ez, baina kamisetak erosiz "kausarekin bat" egin dutenak ere aipatu nahi izan zituzten atzo.

Guztientzako, era batera edo bestera antolaketan lagundu eta beren babesa eman duten guztientzat, esker oneko hitzak izan zituen Elorzak antolatzaileen izenean. Eta, nola ez, 12.500 euroko diru bilketa egiteko beren partea jarri duten erakundeentzat, herriko enpresentzat, dendarientzat eta tabernarientzat ere bai. Dortsal eta kamiseta salmentarekin zein dohaintzekin jasotakoaz gain, Azkoitiko Udalak 5.500 euro eman dizkio IV. Lasterketa Solidario Inklusiboari, 3.260 euro jarri dituzte herriko enpresek, eta 1.600 euro gehi lasterketaren egunean banatu zituzten 29 sari "zoragarri", dendariek eta ostalariek.

Aurtengo edizioak utzitako kopuruak eta era guztietako emaitzak ikusita, Ttipi-Ttapakoei "exijentzia maila igo" zaiela aitortu zuen Elorzak, baina hurrengorako lanean jarraitzeko indarra ere hortxe dute. Azkoitiarrak zorionduz agurtu ziren atzo Ttipi-Ttapakoak: "Beste behin ere, Azkoitia nolako eskuzabala den erakutsi duzue. Zorionak!".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide