'Tadeo Jones, la lámpara maravillosa' eta 'Digger' filmak, Baztartxoko datorren astebururako

Ane Olaizola

'Digger' filmaren irudi bat. 

Igandean umeei zuzendutako 'Tadeo Jones, la lámpara maravillosa' emango dute, eta igande zein arratsaldean, helduentzako 'Digger'. Larunbatean ez da film emanaldirik izango. 

Baztartxo antzokian bi film emango dituzte datorren asteburuan, haurrei zein helduei zuzendutako bana: Tadeo Jones, la lámpara maravillosa eta Digger. Igandean eta astelehenean eskainiko dituzte film horiek, eta larunbatean ez da emanaldirik izango, Hamelingo txirularia antzerki musikatua izango baita. 

Igandean, 17:00etan ikusi ahal izango da umeentzako Tadeo Jones, la lámpara maravillosa. Tadeo Jones sagaren laugarren filma da asteon eskainiko dutena: Tadeo Jones, haren emazte Sara Olimpia eta haien bi urteko neskato maitagarri eta ausarta dira istorioko protagonistak. Momia pertsonaiak ez darama batere ondo arreta gune izateari utzi izana. Londresen oporretan dauden bitartean, Sarak objektu bakar bat du buruan: Mila eta bat gau ipuin sortako lanpara zoragarria. Momiak, jeloskor, desio bat eskatzen du: denboran zehar bidaiatzea, denek maite zuten garaira. Tadeok eta Sarak indarrak batu beharko dituzte Momiak historiaren ibilbidea alda ez dezan. Abentura berri honek Ozeano Atlantikoa zeharkatzera eramango ditu protagonistak; Perutik Greziara, eta handik Ekialde Hurbilera, Ali Babaren eta berrogei lapurren kobazuloraino.

Bestalde, igandean 19:30ean eta astelehenean 20:00etan ikusi ahal izango da 16 urtetik gorakoei zuzendutako Digger filma. Alejandro Gonzalez Iñarrituk zuzendutako azken fikziozko lana komedia beltza da, eta Digger Rockwell munduko gizonik boteretsuena du protagonista. Petrolio enpresa handi baten jabea da bera, baita hondamendi ekologiko baten erantzulea ere. Protagonista misio frenetiko batean murgilduko da gizateriaren salbatzailea dela frogatzeko, berak sortu duen hondamendiak guztia suntsitu baino lehen.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide