Oinarrizko zutabeak erortzen?

Andoni Elduaien

Azkoitiko hainbat negozio historiko ixteko zorian daude, errelebo falta tarteko. Egoera horri aurre egiteko, Iraurgi Berritzen garapen agentzia eta eskualdeko eragileak sentsibilizazio kanpainak martxan jartzen eta trantsizio goiztiarrak bultzatzen ari dira, saltokiek eta kaleek beren argia eta bizitasuna inoiz gal ez ditzaten. Urriko Azkoitia Guka aldizkarian argitaratutako erreportajea da honako hau. 

Txorrotak konpontzeko iturginik bilatu ezin, tabernan kafea zerbitzatuko duena falta, altzariak konpontzeko arotz izan nahi duenik ez... Herri baten egunerokoa sostengatzen duten oinarrizko lanbideak itzaltzen ari dira pixkanaka-pixkanaka, agortzen. Errelebo faltak, lan baldintzek, eredu ekonomiko berriek edota bestelako arrazoiek eraginda, egungo gizartea ahazten ari da zerbitzu horiekin eta zerbitzu horiek duten funtsarekin. 

Historia behin eta berriz errepikatzen dela esango du, beharbada, Azkoitiko azken ferratzailea gogora etorri zaionak. Jose Mari Uzin Kurutzia lanbide hartan Azkoitian aritutako azkena izan zen. Haren tailerraren itxierarekin batera, mendeetako jakintza galdu zen betiko. Eta orain, gauza bera gerta daitekeela suma dezake edonork; kezka areagotzen ari da oinarrizko lanbideetan dihardutenen artean, baita haien zerbitzua jasotzen duten herritarren artean ere. Ferratzailearen ofizioa desagertu zen modu berean, herriko kaleei argia ematen dieten beste hainbat oinarrizko lanbide norabide bera ari dira hartzen.

Egunerokoan funtsezkoak diren lanbideen beherakada bi faktoreren eraginez ari da gertatzen, Alazne Larrañaga (Azkoitia, 1973) eta Itziar Abarisketa (Azpeitia, 1974) Iraurgi Berritzeneko enplegu arloko adituen arabera. Batetik, erreleborako zailtasunak daude, eta bestetik, lanbide horietarako langileak falta dira. Larrañagak erreleboaren ikuspegian sakondu du, eta hark dio Iraurgi Berritzenen merkataritza mahaian aspalditxo identifikatu zutela merkataritza edota zerbitzu jardueretarako erreleboaren arazoa. "Ez dago erreleborik eta saltoki errentagarriak ixten ari dira; eta nola ez, saltoki horiek ixteak eragina du inguruan", esan du Larrañagak. Haren esanetan, halako negozioen itxierak "herriak itzaltzea" dakar ondorio gisa. Horregatik, hutsune hori identifikatu zutenetik, garapen agentzia mezu bat ari da hedatzen: ez utzi hiltzen negozio errentagarriak. 

Itziar Abarisketa eta Alazne Larrañaga. (Andoni Elduaien)

Abarisketa eta Larrañaga,
Iraurgi Berritzen: "Oso-oso zaila ari da gertatzen produktu jakin bat saltzen duten dendentzat erreleboa aurkitzea"

"Gizartea aldatu" egin da garapen agentziakoen aburuz, eta horrekin batera, baita "lanari ematen zaion balioa" ere. "Lehen lan egiteari buruz jendeak zuen ideia bestelakoa zen egungoarekin alderatuta. Oinarri-oinarrizkoak diren lanbideek ordu askoan lan egitea eskatzen dute, eskulana gauzatu beharreko lanbideak dira, eta lan horiek lehen zuten balioa galdu dute". Nolanahi ere, Larrañagak dio zenbait jardueratan negozioen eskualdatzeak gauzatzen direla egun, eta gauzatuko direla etorkizunean ere, hala nola tabernetan, elikadura dendetan edota familia enpresetan. Zailtasun gehiago sumatzen dute denda txikiei dagokienean. "Oso-oso zaila ari da gertatzen produktu jakin bat saltzen duten dendentzat erreleboa aurkitzea. Eta antzerako zerbait gertatzen da negozio txikiak dituztenekin".

Eta zein da Iraurgi Berritzenen egitekoa arlo horretan? Bada, garapen agentziaren enplegu zentroan industriaren, zerbitzuen eta oinarrizko lanbideen arloko lan eskaintzak jasotzen dituzte, baita lanpostu horietan aritzeko prest daudenen eskaerak ere. Abarisketak dio, batetik, lan eskaintza horien "zabalpena" egiten dutela, eta bestetik, orientazio zerbitzua eskaintzen dutela. "Loturak edo bitartekaritza lana egiten dugu lan eskaintzen eta langabeen, lanez aldatu nahi dutenen eta ekintzaileen artean", azaldu du. Prestakuntza konkretuak ere eskaintzen dituzte, baina Abarisketak dioenez, "arazo handiak" dituzte lantokiek egindako profil eskaerak modu horretara betetzeko. 

Aldaketa baten eragina

Zenbait sektoretan langile falta agerikoa bada ere, langabezia tasa nabarmen behera egiten ari da azken urteetan Urola Erdian. Gaur-gaurkoz, emakumeen langabezia tasa %8koa da, eta gizonena, %5ekoa. Aurtengo urtarriletik irailera bitartean, industria eta zerbitzu sektoreetako 224 lan eskaintza kudeatu dituzte Iraurgi Berritzenen, eta erdiak izan dira zerbitzuen alorrekoak.

Olatz eta Joseba Larrañaga, Joseba jatetxeko sukaldean. (Andoni Elduaien)

Nekane Olaizola: "Pandemia ondoren, batik batik, langileak aurkitzeko arazoak izan ditugu"

Oinarrizko lanbideetan aritzeko langileak falta izateak, baina, aldi berean, langabezia tasa jaisteak agerian jartzen dute gaur egungo langileek bestelako bideak hartzen dituztela lan munduan sartzerakoan. Larrañagak dio gizartea aldatzen ari dela, eta horrekin batera, baita jarduera ekonomikoa gauzatzeko modua ere. Egungo egoera "ezezaguna" da Larrañagarentzat, eta "ziurgabetasuna orokorra" da Abarisketarentzat. Dena den, badira oraindik oinarrizko jardueraren batean lan egin nahi dutenak, eta horiei Iraurgi Berritzenerea jotzeko eskatu diete garapen agentziako arduradunek. 

Herrietako kaleak itzal ez daitezen, bailarako merkatarien elkarteek, Izarraitz lanbide heziketa zentroak, Urkomek eta Iraurgi Berritzenek negozioen arduradunei zuzendutako sentsibilizazio kanpaina jarriko dute martxan. Eskualdatzearen garaiari aurrea hartzera animatuko dituzte herritarrak, eta zabalduko duten mezua "bakarra" eta "argia" da: galdetzea eta informatzea eskatuko dute. "Guk ez daukagu formula magikorik negozioen eskualdatzeak gauzatzeko. Dena den, oso-oso garrantzitsua da guretzat hiru urteren buruan herrian negozioren bat eskualdatzeko aukera egon daitekeela jakitea. Negozioak eskualdatzeko prozesuak luzeak izan ohi dira, eta gugana jotzen dutenerako, askotan, berandu izaten da. Horregatik, negozioa dutenei eta hura eskualdatzea aurreikusten dutenei galdetzeko eta informatzeko eskatuko diegu". 

Errealitatearen gordintasuna

Herria bizirik mantentzen duten hari ikusezin ugari daude Azkoitian, norbaitek beharrezko dituenean beti hor daudenak, edozein unetan atea zabaltzen dutenak. Ordea, langile horien esfortzua nekez ikusten du atez bestaldekoak: erakusleihoa zainduta duen harakinarena, hurbileko tratua eskaini ohi duen dendariarena, jakiak mahairaino eskaintzen dituen sukaldariarena edota ur ihesak konpontzen dituen iturginarena. Saltoki bakoitzak bere errealitatea bizi du, baina batzuen arduradunek bat egiten dute hutsuneak identifikatzerakoan. Egunerokoan merkatariek edota ostalariek izan ditzaketen trabez gain, erreleboarena gehitu zaie orain. 

Joxean Lizarralde (Azkoitia, 1962) Otzarreta harategiko langileetako bat da. Berdura Plazan dagoen harategian dihardu lanean hark azken hamazazpi urteetan. Egunkarian irakurri zuen harategirako langilea behar zutela zioen iragarkia, eta hala hasi zen lanbide horretan. Orain, errepikatu egin da historia: hamar hilabete beteko dira harategiaren erakusleihoan harakina behar dutela iragartzen duen orria jarri zutenetik. Jubilazioa tarteko, urte honen amaieran utziko dio Lizarraldek harategian lan egiteari, eta harekin batera baita harategiko beste kide batek ere. Azkoitiarraren esanetan, joan zaizkie pertsona batzuk harategira curriculuma entregatzera, baina oraingoz ez dute ezer ixterik lortu. 

Joxean Lizarralde, Otzarreta harategiko langilea. (Andoni Elduaien)

Joxean Lizarralde: "Ostiral arratsaldeetan eta larunbatetan jai egin nahi du langileak"

Haren arabera, egun lanerako baldintza onak izateari ematen diote "baliorik handiena" langileek, eta horregatik egiten diete muzin harakinarena bezalako oinarrizko jardunei. "Ostiral arratsaldean eta larunbatean jai egin nahi du langileak; lan baldintza onak izateari ematen dio lehentasuna". Horretaz aspaldi ohartu zen Lizarralde, eta uste du zerbitzuen sektoreko negozioek ordutegia egokitu beharko dutela jendea halako lanbideetara bultzatu nahi badute. "Harategia nirea balitz, astelehenetik ostiralera, 07:00etatik 15:00etara egingo nuke lan, baina larunbatetan harategia zabalduko nuke, azoka egun garrantzitsua da eta". Gainera, ziurtasun handiz dio Lizarraldek "berandu baino lehen" hartu beharko dutela saltokiek ordutegia egokitzeko erabakia. Harakinak gutxitzen ari dira, eta Azkoitia ere horren isla dela dio hark: "Ni harategi honetan lanean hasi nintzenean, oraingoez gain, beste lau bazeuden zabalik, gutxienez. Martxa honetan, azpiegitura handietan soilik lan egingo dute harakinek, horretara mugatuko da harakinaren lanbidea; izan ere, beti beharko da haragia zatikatuko duen norbait". 

Joseba eta Nekane Olaizola anai-arrebek, bestalde, 1998an zabaldu zuten Joseba jatetxea, Floreaga jauregian. Nekanek (Azpeitia, 1964) dio lehen "nahiko erraz" aurkitzen zutela lanerako jendea, baina azken urteetan buruhauste gehiago izan dutela. "Lantalde baten arabera antolatu izan dugu jatetxea urte pila batean: sukaldean hiru lagun aritu izan gara, eta beste hiru, sukaldetik kanpo. Jende asko hartu izan dugun egunetan, berriz, aparteko langileak behar izan ditugu. Pandemia ondoren, batik bat, langileak aurkitzeko arazoak izan ditugu; aurretik ere izan genituen lanak, baina ez orain bestekoak". Hutsuneak betetzeko, etxekoen laguntza jaso izan dute beti, eta, horregatik, guztiz eskertuta agertu da hura. "Seme-alabek edota ilobek, denek lagundu dute hemen; bestela, zaila izango zatekeen aurrera egitea".

28 urteren ondoren, urte honen amaieran itxiko dute jatetxea behin betiko. Erreleboa emateko garaian murgildu dira olaizolatarrak. Joseba jatetxearen itxierarekin Azkoitiak otorduetarako topaleku handienetako bat galduko du, eta horrek egundoko samina eragiten die Josebanekoei. Haiek negozioa eskualdatzea dute helburu, baina zaila ari zaie suertatzen bidea. "Bezeroak baditu jatetxeak, eraikina bera guztiz egokituta dago ostalaritzarako, baina dirudienez jendeak ez du bere burua lanbide honetan ikusten. Herrian ez dago horrenbeste jende har dezakeen beste lekurik, eta iruditzen zait itxierak hutsune handia eragingo lukeela. Gainera, pena emango liguke jauregia hondamendi egoeran hartu, hura egokitzeko horrenbeste lan egin, eta orain ezertarako ez gelditzeak".

Plaza Berri Sport kirol eta arropa dendaren arduraduna den Roberto Arabaolaza (Oñati, Gipuzkoa, 1961) ere lanketa hori egiten hasia da. Dendan 30 urte betetzear da, eta hark ere erretiroa hartuko du hilabete batzuk barru, baina negozioa eskualdatzeko zailtasunekin topo egin du. "Gurea bezalako dendetarako erreleboa bilatzea gero eta zailagoa da. Jendeak egun Internet bidezko erosketekiko duen pentsamoldea eta jokaera aldatu ezean, edozein negoziok jai izango du. Gurea bezalako dendetara gauza konkretu bat urgentziaz behar duenean soilik etorri ohi da eroslea, baina herriotako saltoki txikiok jarraikortasuna behar dugu aurrera egiteko". 

Erosle gutxiagorekin egin behar izan dute aurrera herrietako saltoki txikiek azken urteetan. Arabaolazak dio herritar batzuek ireki orduko itxi behar izan dutela negozioa erosle faltagatik. "Urte pila bat" igaro da hark beherakada hori sumatu zuenetik. "Gastu handia eragiten du dendara salgaiak ekartzeak, produktuek diru asko balio izaten dute eta. Gastu hori irauli egin behar izaten da, baina urteak joan eta urteak etorri egoera bera bizi beharrak estutu egiten du bat. Gainera, salgaia edo materiala saldu gabe gelditzen da batzuetan, eta norberak egin behar izaten dio aurre horri".

Roberto Arabaolaza, PB Sport dendako arduraduna. (Andoni Elduaien)

Roberto Arabaolaza: "Gurea bezalako dendetarako erreleboa bilatzea gero eta zailagoa da"

Hori hala, Plaza Berri Sport dendakoak erabakita du datozen hilabeteetan zer pauso emango dituen. "Nire asmoa da neguko kanpaina amaitzean, apirilaren hasieran edo, erretiroa hartzea. Laster, baina, eskualdatzera atera beharko dut denda. Inor ez bada agertzen, berriz, likidatu eta itxi egingo ditut bi dendak". Hori horrela bada, beste bi lokal huts gehiago izango dira herrian.

Badira adibideak

Dena ez da beltza, badira tarteka dir-dir egiten duten argi izpiak. Lopetegi iturgintzakoen kasuak balio dezake adibide gisa. Santi aitak Arlatz eta Jakes semeei eman zien erreleboa. Arlatz Lopetegik (Azkoitia, 1990) garbi azaldu du beraiek zergatik eutsi zioten familiatik zetorkien negozioari: "Izebak bulegoko lanak egiten zituen, eta hura jubilatu zenean, aitak guri eskaini zigun negozioa, berak ez zuen-eta nahi bulegoko kontuak kudeatzerik. Orduan, guri saldu zigun negozioa, nahiz eta aitak langile bezala jarraitu zuen lanean zenbait hilabetez. Pixkanaka-pixkanaka hasi ginen egun gure lanbidea den honi neurria hartzen". 

Urteen poderioz lortu dute iturgintzan talde gaztea eratzea. "Gazte jendea gurera erakartzeko zortea izan dugu. Asko beste iturgintza enpresa batzuetan aritutakoak dira aurrez, baina jubilazioak eragindako itxierak tarteko, gero gurera batu dira zenbait". Gainera, langileak beren negoziora erakartzeko pentsaera "egungo bizimodura egokitu" dutela deritzo Lopetegik. "Guk ez diegu langileei egunean hamar ordu sartzea edota lanari 20:00etan uztea eskatzen. Ordutegi bat zehaztu dugu, bazkaritarako tartea utzi diegu... Iruditzen zait lehendik larre motzean ohituta dauden langile horiek errazago datozela orain gurera, bestela ezinezkoa litzaiguke guri ere langileak bilatzea".

Arlatz Lopetegi, Lopetegi iturgintzako iturgina. (Andoni Elduaien)

Arlatz Lopetegi: "Pixkanaka hasi ginen orain egun lanbidea den honi neurria hartzen"

Hala eta guztiz ere, Lopetegik dio oinarri-oinarrizkoak diren lanbide horietan zenbait gazte "gaizki hazi" izan direla. "Behar baino lan gehiago egin behar zuten, aparteko ordainsaririk ez zuten jasotzen, soldata ere hala moduzkoa zuten praktikaldiko kontratua zutenek... Ordea, halako negozioak negozio txikiak izan ohi dira, eta sarri askotan, jabe bakar batenak. Horregatik, kontratatzen duenari zaila edo kasik ezinezkoa zaio langile gazte bati soldata duina eskaintzea, hasiberria den norbaitekin arriskuak hartzea".

Gremioen arloan, asko bezeroen eskariei aurrea hartu ezinda dabiltza azken urteetan, eta Lopetegik ere halako adibide asko ikusten ditu. "Langile bila dabiltza arotzak, igeltseroak, elektrikariak... denok gabiltza modu berean. Egun oso zaila da, esaterako, arotz lanak egiten dakien pertsona bat beste arotz batekin lanean hastea. Normalean, arotz bakoitzak bere kasa egingo du lan, edo gehienera jota, beste aroztegi batetik fitxatu beharko du arotza behar duenak".

Lopetegitarrek urrun ikusten dute gaur-gaurkoz erreleboa, baina garaia iristen denean ez diote ezeri muzin egingo; izan ere, azkoitiarrak dio ikusi dituela azken unera arte erreleboa emateko lanketarekin hasi gabeko kasuak. "Ezagutzen ditut duela gutxi itxi diren negozio batzuk. Negozioen jabeek azken egunera arte lana egin dutenez, askotan azken eguna iritsi arte ez dute pentsatzen negozioarekin zer egin. Beharbada berarekin batera lanean dabilen langileren bati pixkanaka-pixkanaka negozioaren ateak irekitzea da konponbidea; trantsizioa garaiz egitea, alegia".

Azkoitiko kaleak eta haiek herriari ematen dioten bizitza itzal ez daitezen, erreleboa gauzatzea ezinbestekoa da. Lizarraldek, olaizolatarrek eta Arabaolazak beren saltokietatik kanpo segituko diote bizitzari, baina herri baten taupada diren negozioen pertsianak behin betiko jaitsi gabe hartu nahi dute erretiroa. Herria bizirik mantentzeko, ezinbestekoa da eguneroko hari ikusezin horiek zaintzea, eta hori bermatzea, norbanako bakoitzaren ardura ere bada. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide