Ehunka herritar bilduko ditu bihar Lasterketa Solidarioak

Ane Olaizola

Herritarrak, duela bi urte, Ademgi elkartearen alde ttipi-ttapa. 

Elkartasunaren irudiak hartuko ditu bihar herriko txokoak, Ttipi-Ttapak antolatutako seigarren Lasterketa Solidarioan. Aurten, alzheimerrari aurre egiteko eta gaitzaz sentsibilizatzeko beren alea jarriko dute herritarrek, eta egun osoan izango dute horretarako aukera. 

Alzheimerra sozializatzeko ekintza sortaren ostean, Ttipi-Ttapa taldeak prest du larunbateko seigarren Lasterketa Solidarioa, eta aurreko aldietan bezala, egitasmoak ehunka herritar bilduko ditu goizetik arratsaldera bitartean. Izan ere, haurren zein helduen lasterketak arratsaldean izango badira ere, antolatzaileek egun osorako prestatu dute egitaraua.

Goizean hasiko dira Lasterketa Solidarioaren ekintzak, eta haurrentzako sentsibilizazio jolasak jarriko dituzte plazan, Marea Urdina elkartearen laguntzarekin. Kaleak girotzen hasteko, berriz, trikitilariak kalejiran ibiliko dira eguerdi partean, eta bazkalondoren disko jartzaileek hartuko diete haiei lekukoa; plazan izango da haien animazioa, lasterketak hasi bitartean.

Ondoren izango dira eguneko hitzordu nagusiak: elkartasun lasterketak.17:00etan, umeen txanda izango da, eta adinaren arabera banatuta, 400 metrotik 1.200 metro arterako distantziak egingo dituzte HHtik LH6. mailara arteko ikasleek herrian zehar. Ordubete beranduago hasiko da 13 urtetik gorakoena. Horiek ere herrian zehar osatuko dute ibilbidea, lau kilometrokoa, eta haurrek bezala, oinez edo korrika egiteko aukera izango dute. Behin lasterketak amaituta, Elkargunean dutxatzeko aukera izango dute parte hartzaileek, eta 19:00etan, zozketak eginda amaituko dute egitasmoa.

Ekarpenak, era askora

Lasterketan parte hartuko dutenek bihar 10:00etatik 16:00etara artean izango dute dortsalak jasotzeko aukera, eta aurten, bada berrikuntzarik dortsalei dagokienez; izan ere, aurrenekoz 0 dortsala kaleratuko dute antolatzaileek. Inork ekarpen ekonomikoa egin baina lasterketan parte hartuko ez badu, hark jasoko du dortsal hori. Era berean, egunean bertan itsulapikoak jarriko dituzte, hala nahi duenak ekarpen ekonomikoa egin dezan.

Herritarrek izena ematerakoan zehaztu beharko dute lasterketan parte hartu nahi al duten, eta hala bada, zer lasterketa egingo duten. Izen emateak zabalik daude azken egunetan, eta interesa dutenek oraindik egin dezakete, Internetez, azkoitia.eus atarian. Dortsala eta txapa bost eurotan salduko dizkiete umeei, eta kamiseta nahi duenak, 12 euro ordaindu beharko ditu guztira. Egunean bertan izena emanez gero, berriz, hiru euro gehiago ordaindu beharko da. Helduen kasuan, dortsala eta kamiseta 15 eurotan salduko dituzte aurrez, eta egunean, 20 eurotan.

Aurten, Cita Alzheimer fundazioarentzat izango da Lasterketa Solidarioan bildutako diru guztia, hark gaixotasun hori ikertzen jarrai dezan, besteak beste. Bihar, Cita Alzheimerrek zein Gipuzkoako senitartekoen, lagunen eta alzheimerra edo beste dementziaren bat duten pertsonen Afagi elkarteak postu bat jarriko dute bihar, eta profesionalek herritarrei informazioa emango diete. Era berean, estimulazio kognitiboa lantzeko liburuak ere salduko ditu fundazioak.

Lasterketaren aurretik, azken ekintza

Herritarrak alzheimerrarekiko sentsibiliza daitezen gauzatuko dute aurten Lasterketa Solidarioa, baina egun handiaren aurretik, bestelako ekintzak ere egin dituzte helburu berarekin: ikasleekin sentsibilizazio jarduerak, erakusketa, eta Alzheimerra gertutik: prebentzioa, ikerketa eta etorkizuna hitzaldia. Atzo arratsaldez eskaini zuen azken saio hori Ane Iriondo neurobiologian doktoreak, Elkarguneko Oteiza aretoko eserleku guztiak beteta zirela.

Besteak beste, alzheimerraren historia, diagnostikoa, faseak eta etorkizuneko egoera izan zituen Iriondok hizpide, baina bereziki nabarmendu zuen gaitz hori ekiditeko faktore batzuk norbere esku ez dauden arren, beste batzuk eragina dutela, esaterako, elikadurak, ariketa fisikoak edota memoria lantzeko ariketek. Saioak interes berezia piztu zuen herritarren artean, eta bertaratu zirenek adi-adi entzun zituzten Iriondoren azalpenak. 

'Alzheimerra gertutik: prebentzioa, ikerketa eta etorkizuna' hitzaldia Elkargunean, atzo. (Iraia Oteiza)

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide