Alzheimerraren ohiko sintometako batzuk dira memoria galtzea edota desorientazioa. Ordea, noiz jo behar da medikuarengana? Zein sintomek pizten dituzte alarmak?
Egungo bizitza azeleratu honetan, askotan kexu gara giltzak galdu ditugulako, errekaduetara joan, baina ez garelako gogoratzen egindako erosketez... Ordea, oso garrantzitsua da bereiztea estres handiko bizitzak eragiten dizkigun akatsak eta gaitzaren benetako sintomak. Guk, pazienteei zera galdetzen diegu beti: "Sintomak egunero nabari al dituzu? Eta egunerokotasunean eragiten al dizute? Horren aurrean, larrituta al zaude?". Hala, konturatzen dira ea despistatuta al dabiltzan edo egunerokotasunean aparteko arazorik ez dien eragiten. Horrez gain, galdetzen diegu ea azkenaldian aldaketarik nabaritu al duten beren izateko eran. Hau da, norbait bizitza osoan izan bada despistatua, orain ere hala izatea, beharbada, ez da larritzekoa. Baina alzheimerraren kasuan, pertsona aldatu egiten da. Askotan, norbera ez da kontziente izaten horretaz, baina albokoek azkar detektatzen dute. Adibidez, batek ikusten du bere amak, lehen, egunero menu desberdin bat prestatzen zuela; eta orain, bat-batean, hirugarren egunez jarraian dilistak prestatu ditu. Beraz, sintomak bereizi behar dira, eta aldaketak kontuan hartu.
Cita Alzheimerrek diagnostiko goiztiarra egiten laguntzen du. Gaixoari zertan eragin diezaioke diagnosia garaiz jasotzeak?
Diagnostiko batek beti laguntzen du, eta gero eta goizago egin hori, orduan eta hobeto. Bateren batek pentsa dezake ea zergatik diagnostikatu behar den alzheimerra, gero sendagairik ez baldin badago. Hori dagoeneko ez da horrela, baina hala izanda ere, jakite soilak emozionalki asko laguntzen du. Egoera antolatzeko orduan ere asko laguntzen du diagnosia izateak, eta oraindik goiz bada, aurrera begirako erabakiak hartzeko aukera izango du gaixoak, oraindik autonomoa delako. Horrek familiari ere asko erraztuko dio gaixotasuna kudeatzen, dagoeneko plan bat badagoelako. Bestalde, alzheimerrari aurre egiteko gaur egun dauden tratamenduak zenbait eta lehenago jaso, orduan eta emaitza hobeak lortzen dira.
Orain arte garuneko proteina aztertuta jakiten zen norbaitek alzheimerra zuen ala ez. Orain, odol azterketa batekin ere detekta daiteke gaitza.
Orain arte, ohikoena izan da pazientearen bizkarrean puntzio bat egitea, garuna inguratzen duen likidoaren lagin bat hartzeko eta hango proteina aztertzeko. Ordea, nahiko metodo inbaditzailea da hori. Beste aukera zen erresonantzia magnetikoaren gisako proba bat egitea, baina oso-oso garestia da hori; proba bakoitzak 1.500-2.000 euro inguru balio dezake. Beraz, sistema publikoarentzat hori ez da batere jasangarria, eta horregatik, bizkarreko puntzioak egin izan dira. Gaur egun zorte handia dugu, teknologia asko aurreratu delako eta, zientziari esker, gai garelako alzheimerra odolean atzemateko. Izan ere, proteina kontzentrazio oso txikia izaten da odolean, eta lehen teknologia ez zen gai hura detektatzeko, baina gaur egun, bai.
Diagnosiak egiteko aurrerapausoa izan al da hori?
Odol probak egitea kontu berria da, eta sistema publiko osoak oraindik ez du metodo hori bere egunerokotasunean txertatu. Oraindik puntzioa egiten dute zentro batzuetan, baina horrek ez du luze iraungo. Kontrara, odol proba egitea oso prozedura erraza da, eta guztiok gaude ohituta odola ateratzera gaixotasunak atzemateko eta. Beraz, gaixotasuna modu horretara atzemateak asko errazten dio diagnosiari.
Botikei dagokienez ere aldaketa handiak jazo dira. Soilik gaitzaren sintometan eragiten duten tratamenduak eman izan dira orain arte, baina orain, patologian bertan eragiten duenik ere badago. Horrek zer eragin du gaixoengan?
Alzheimerraren inguruan azken urteetan egon den boom handiena da hori. Patologian eragiten duen tratamendu hori AEBetan onartu zen duela urte batzuk, farmazia industriak haren emaitzak aurkeztu zituenean. Izan ere, tratamendu horrek garunean pilatzen den gehiegizko proteina garbitu egiten du. Beraz, hango sendagaien agentziak farmazia industriaren lana onartu zuen, ikusi zuelako medikazioak alzheimerra atzeratzen duela, beti ere goiz diagnostikatzen bada eta tratamendua garaiz hasten bada. Ondoren, Europako sendagaien agentziara igaro zen kontua, eta gizarteak zein ikerkuntzaren sektoreak presioa eginda, tratamendua onartu egin zuen horrek ere. Zer esan nahi du horrek? Has daitekeela tratamendua erabiltzen.
Espainiak ere sendagaia onartu du, baina oraindik ez da sistema publikoan txertatu, eta, gainera, [estatuak] esan du ez duela bere gain hartuko, besteak beste, garestia delako. Orduan, bidegurutze batean gaude: soilik dirudunentzat izango al da? Bai, tratamendu oso garestia da, baina minbiziaren kasuan ere gauza bera gertatzen da: ondo aztertu behar da zeini eman behar zaion. Egia da ezin zaiela alzheimerra duten pertsona guztiei eman, hori ez delako bideragarria. Baina diagnostikoa goiz jaso dutenentzat, ezaugarri kliniko zehatz batzuk dituztenentzat eta tratamendua erabili dezaketenentzat, izan daiteke baliagarria. Horrenbestez, tratamendua badaukagu, baina hori nola sozializatu eta kudeatu behar dugun zehaztea falta zaigu.
Cita Alzheimerrek alzheimerra prebenitzeko zentroa jarri du martxan. Saihestu daitekeen gaixotasuna al da?
Baietz erantzungo nuke. Azken ikerketek diote alzheimer edo dementzia kasuen %40 prebenitu daitezkeela; duela urte batzuk, %33 saihestu zitezkeela esaten zen. Izan ere, badaude alzheimerrean eragiten duten babes eta arrisku faktore aldakor batzuk: nutrizioa, jarduera fisikoa eta kognitiboa, loa, emozioen kudeaketa eta sozializazioa, entzumen arazoak… Babes faktoreetan, gainera, elebitasuna ere txertatu dugu. Hau da, badaude faktore batzuk ez direnak moldakorrak, hala nola adina eta sexua [emakumeek arrisku handiagoa dute alzheimerra izateko]. Beste batzuk, ordea, aldakorrak dira, eta beraz, gure esku daude.