Anaitasunak puntu bat batu du Arratiaren aurka. Gorritxoek 1-1 berdindu zuten atzo goizean, Txerloian. Zarautzen aurka 0-3 irabazita ekin zion liga txapelketari Iñigo Oruesagasti Orue entrenatzaileak zuzendutako taldeak, baina ez zen gai izan etxean mailaz igo berria den Arratiaren aurka menderatzeko.
Anaitasunak errespetuz ekin zion partidari. Dena den, Orueren taldeak ez zion lehiari Zarautzen bezala ekin, eta berehala nabaritu zituen ondorioak; izan ere, Arratiak bigarren minutuan egin zuen huts eta batekoaren gola. Partida hasterako maldan gora jarri zitzaion norgehiagoka Anaitasunari, baina halere, Oruerenak baloia oinetan hartuta saiatu ziren kontrarioa mendean hartzen berdegunean. Arratiakoen intentsitatea handia zen, ordea, eta Anaitasunak ez zuen lortu bere jokoa gauzatzea. Nolanahi ere, aukera on dezente izan zituen taldeak lehia atsedenaldiaren aurretik berdintzeko.
Atsedenaldira 0-1 emaitzarekin jo zuten bi taldeek, eta zenbait aldaketa egina, sendoago azaldu zen Anaitasuna bigarren zatian. Taldeak lortu zuen Arratiari min egitea, eta horrenbestez, bisitariek metro batzuk atzera egin behar izan zuten. Poliki-poliki bere atearen bueltan gotortu zuen Anaitasunak kontrarioa, eta gertu izan zuten berdinketa. Halere, kanpoko taldeak erakutsi zuen kontraerasoko jokoa egiteko ere gai ere badela, zenbaitetan atera baitzen zuzenean Intza Paredes atezainak zaindutako aterako norabidean.
Neurketaren azken minututan alboko sakeen bidez egin zion min Anaitasunak Arratiari, eta modu horretan lortu zuten gorritxoek neurketa berdintzea. 83. minutuan, Nora Aranbarrik alboko sake itxia erdiratu zuen areara, eta Maren Ibarbiak lortu zuen baloia sareetara bidaltzea. Azken minutuetan, gainera, gorritxoek garaipena lortzeko lan ona egin zuten, baina, azkenean, banako berdinketarekin bukatu zen lehia.
Euskal Ligako lehen bi jardunaldiak jokatuta, Anaitasunak lau puntu ditu patrikan, eta sailkapeneko hirugarren postuan dago. Datorren asteburuan, Bilbao Artizarrak taldearen aurka neurtuko ditu indarrak Orueren taldeak, Bilboko San Ignacio zelaian.
Navarretera, autobusa
Bestalde, Anaitasunaren gizonen taldeak Espainiako Errege Kopako atariko kanporaketaren itzulerako partida jokatu beharko du datorren zapatuan, urriak 3, Navarreten (Espainia). Loren Barbadorenek 5-0 hartu zuten mendean herenegun Tedeon Txerloian, eta gorritxoek abantaila horri eustea izango dute helburu etxetik kanpo. 18:00etan hasiko da itzulerako partida hori Navarreteko San Miguel zelaian.
Anaitasuna futbol klubak zaleen babesa eskatu du Espainiako Errege Koparako sailkapena lortzeko, eta hori hala, Navarretera joateko autobusa antolatu du. Bi autobus antolatuko dituzte hara joateko: lehen autobusa 11:30ean aterako da Aizkibel liburutegiaren alboko geralekutik, eta bigarrena, 15:00etan. Klubak azaldu du partida ikusteko sarrerak 10 euro balio duela –18 urtetik beherakoek doan izango dute–. Autobusean bidaia egiteagatik, berriz, 20 euro ordaindu beharko da.
Hasiera batean klubaren asmoa da bi autobus antolatzea, baina argitu du izen emate kopuruaren arabera, balitekeela autobusa bi orduetako batean bakarrik irtetea Azkoititik Navarretera. Autobuserako izena Tta-kun eta Dean tabernetan eman ahal izango da gaurtik asteazken arratsaldera arte.