Anaitasunak hanka eta erdi sartu ditu Errege Kopan

Andoni Elduaien

Itzulerako partidaren faltan, Anaitasunak ia-ia guztiz erabakita utzi du Espainiako Errege Kopako atariko kanporaketa. Datorren zapatuan, urriaren 3an, jokatu beharko dute Loren Barbadorenek itzulerako lehia, Navarreteko (Errioxa, Espainia) San Miguel zelaian. 

Anaitasuna futbol taldeak urrats handia egin du gaur Espainiako Errege Kopa jokatzeko. Gorritxoek Navarreteko (Errioxa, Espainia) Tedeon taldearen aurka jokatu dute arratsaldean kopa txapelketaren atariko kanporaketa Txerloia futbol zelaian, eta Loren Barbadorenak 5-0 nagusitu dira. Ofizialki, kanporaketa ebazteko Navarreteko San Miguel zelaian jokatu beharreko itzulerako partida falta du Anaitasunak, baina lehia horretara etxeko lanak ezin hobeto eginda joango da Azkoitiko taldea. Gaurkoa bezalako hitzorduak bizitzea gutxitan egokitzen zaio Anaitasunari, eta majo nabaritu da hori zelaian. Txerloia bete egin da Anaitasunaren eta Tedeonen arteko norgehiagoka ikusteko; klubak emandako datuen arabera 1.000 bat zale bildu dira zelaian, eta horien artean Navarretetik etorritako 100 bat.

Anaitasunari motorra martxan jartzea kostatu zaio, berotzea. Bisitariak beren atearen bueltan gotortu dira, eta aurreneko minutuetan etxeko taldeak ez du lortu hegaletan baloia hartutakoan jokoan sakontasuna bilatzerik. Tedeonek, berriz, gutxi erakutsi du Txerloian, hutsune handiak azaleratu ditu defentsan, eta Anaitasuna nahieran aritu da ia partida guztian zehar. Errioxako taldeak partidaren lehen minutuetan erakutsi ditu hortzak, pare bat kontraerasotan Ekain Sudupe atezainak babestutako area zapaltzera iritsi baita; baina, gauza gutxi gehiago. 

Anaitasunak abiada hartu duenean aurkariek ezer gutxi egin ahal izan dute Barbadoren taldea gelditzeko. Etenik gabe eta pazientzia handiarekin bultzatu dute gorritxoek, eta azkenean, geldikako jokaldi batean lortu dute arratsaldeko lehen gola. 25. minutuan, Ander Pastrianek hautsi du markagailuko oreka. Tedeonekoak korner erdiraketa aldaratzen saiatu dira, baina area barruan utzi dute baloia, eta Pastrianek atera jaurtita, narras antzean igaro du baloiak goleko lerroa. Dena dela, gutxi inporta zuen gola egiteko moduak une horretan, garrantzitsuena taldea aurretik jartzea baitzen. 

Golaren ondoren ezer gutxi ikusi da Txerloian. Jokoaren ekimena Anaitasunarena izan da; une oro Barbadorenek izan dute lehiaren agintea, baina haiek ez dute gol aukera gehiegi sortu. Hala eta guztiz ere, atsedenaldiaren aurretik egin dute etxekoek bi eta hutsekoaren gola. Bakarkako jokaldien bidez gutxitan ari zen lortzen Anaitasuna hegaletatik aurrera egitea, eta zelaiaren ertz horietatik baloia area barrura erdiratzen saiatu dira zenbaitetan. Halako jokaldi batean, area barrura erdiratu du Beñat Garmendiak eta Hicham Hazim aurrelariak lortu du gola, baloia buruz errematatu eta gero. Atezainak ukitu, ukitu du baloia, baina ez gola ekiditeko lain. 

Norabide ona hartu du partidak Anaitasunarentzat atsedenaldirako, baina aldageletatik igaro ostean talde bakarra izan da zelaian. Berdegunean talde batek gutxitan izan ohi duen nagusitasuna erakutsi dute Barbadorenek, eta festa aparta sortu dute harmailetan eta zelaiaren bueltan bildutako zaleen gozamenerako. Pastrianek 47. minuturako eman du golaren abisua, baina Hichamek handik sei minutura egin du hirugarren gola, alboko sake baten ostean: eskuin hegaletik area barrura sartu dira gorritxoak baloiarekin, eta une batez galdua zirudien baloia berreskuratu du Hichamek zangotrabatzeko gutxi falta zuenean. Ordea, bere indarra agerian utzi du aurrelariak jokaldi horretan, eta baloia zelaitik kanpora zihoala zirudienean, baloia eskuin oinarekin jota bidali du sareetara; gola egiteko kasik angelurik ez zuen Hichamek, baina ekinaren ekinez irabazi du dema. 

Hiru eta hutsekoarekin partida irabazita ikusi du Anaitasunak, eta kanporaketa zeharo bideratuta. Ordea, jostari jarraitu dute Barbadorenek gero ere, eta bat-biko onak eginez, erraz lortu dute Tedeonekoen arean behin eta berriz sartzea. Eta 56. minutuan iritsi da Anaitasunaren laugarren gola, Julen Aramendiren oinetan garra piztu denean. Zelai erdia baino aurreragoko falta bat motzean jokatu dute gorritxoek ezker hegalera, Luis Juaristi zegoen lekura. Juaristik Julen Larramendirekin jokatu du metro batzuk aurrerago, eta area barrura erdiratu du hark goitik. Errioxakoek urrundu dute baloia lehen saiakeran, baina area ertzean zen Aramendi, eta horren jaurtiketa indartsuak sareetan amaitu du, Errioxako atzelari baten soinean jo eta gero.

Txerloian bildutako zaleak gustura ziren, lasai, baina, era berean, gehiago nahi zuten, eta taldeak eman egin dio nahi zuena. 70. minutuan, Pastrianek egin du gorritxoen bosgarren eta azken gola. Aterako norabidean jokatu dute gorritxoek baloia atzelarien gainetik, eta metro batzutako lasterkarian atzelariei antxintxikaldia irabazita, Pastrianek bakarrik jaso du baloia atea aurrean. Aurrelariak atera egin du jaurtiketa, eta zutoinak lagunduta, arratsaldea borobildu duen gola gauzatu du. Gehiagorako denbora eta abaguneak izan dituzte Barbadorenek; besteak beste, zelairatu berria zen Julen Olaizolak langara bidali du baloia area ertzetik, baina azkenean, bost eta hutsekoarekin amaitu dute lehia. 

Itzulerakoa, astebete barru

Datorren zapatuan, urriaren 3an, jokatuko dute Tedeonek eta Anaitasunak kanporaketaren itzulerakoa, Navarreten (18:00). Tedeon kanporatzea lortuko balu Anaitasunak, Espainiako Lehen Mailan diharduen talde batekin neurtuko ditu indarrak; partida bakar batera ebatzi beharko lukete kanporaketa, Txerloian. Urriaren 28an, asteazkenez, jokatuko luke Anaitasunak kopa txapelketako lehen kanporaketa hori Athletic, Alaves, Racing, Deportivo edota Celta taldeetako baten aurka.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide