Puzgarriak, musika eta Salbea izan dira festetako lehen arratsaldeko osagai nagusiak

Aitziber Arzallus 2026ko abuztuaren 14a

Haurrentzat puzgarriak Balda plazan, gaztetxoentzako jolas parkea Elkargunearen gaineko zelaian, DJak Txosnagunean, Deiadar txaranga kalez kale, Salbea parrokian... hori dena eta gehiago eman du andremarietako lehen arratsaldeak. Eguna borobiltzeko, Janus Lesterren kontzertua izango da plazan, 23:00etan hasita.

Andremarietako lehen arratsaldea bete-betea izan da azkoitiarrentzat. Izan ere, adin guztietako eta gustu guztietarako jarduerak eta ekitaldiak izan dira herrian barrena, nahieran ibiltzeko.

Haurrek Balda plaza izan dute topagune, han jarri dituztelako haientzat moduko jolas puzgarriak, eta asko izan dira arratsaldea pasatzera bertaratu diren familiak. Gaztetxoek, berriz, Elkargunearen gaineko zelaia izan dute jolasgune. Lehendabiziko aldiz jarri dute haientzako moduko puzgarriekin osatutako parkea han, eta arrakasta izan du, lagun kuadrilla ugarik egin baitute hara joateko hautua. 

Musikak ere izan du lekurik Andre Maria bezperako arratsaldeko egitarauan. 17:00etan hasita, dantzarako aukera bikaina izan da Txosnagunean, batez ere musika elektronikoaren zaleentzat. Besteak beste, Imuntzo, Matxo, Kintana, Albi, Anti X, Murxi eta Galdo DJek jardun dute edo jardungo dute gaur musika jartzen, eta asko eta asko izan dira haien doinuek erakarrita bertaratu diren azkoitiarrak eta bisitariak. Dena dela, Txosnagunera arrimatu gabe ere izan da musikaz gozatzerik, Deiadar txaranga kalez kale ibili baita.

Eta arratsaldea borobiltzeko, azkoitiar askorentzat andremarietan hutsik egin ezinezko hitzordua dena izan da parrokian. 19:00ak jotzeko minutu batzuen faltan, udal ordezkariak Andre Mariaren Jasokundearen parrokiara korporazioan joan dira, Txalkor txistulari taldeak Alkate soinua jotzen zuen bitartean. Behin elizan, Ignacio Busca Sagastizabalen Salbea eta Aita Nemesio Otañoren Ave Maria abestu ditu Parrokiako Abesbatzak. Iaz bezala, Xabier Gomezek gidatu du elizkizuna, Sant Feliu de Llobregateko (Bartzelona, Katalunia) gotzain azkoitiarrak, eta urteroko eran, leporaino bete da eliza.

Gaurkoarekin bukatzeko, Janus Lesterrek kontzertua emango du plazan, 23:00etan hasita. Hemen datozen ordu eta egunetarako prestatu duten egitaraua, oso-osorik:

Gaur, Andre Maria bezpera 

  • 23:00. Janus Lester abeslariaren kontzertua, herriko plazan.
  • 23:30etik 02:30era. Drogen kontsumoak eragiten dituen arriskuak saihesteko nahiz murrizteko eta genero erasoen aurkako babesgune zerbitzuak, parrokiaren aurrean.

Bihar, Andre Maria eguna

  • 09:30. Zubiondo gaiteroen kalejira.
  • 10:00. Udal Musika Bandaren eta Txalkor txistulari taldearen kalejirak.
  • 10:50. Udal ordezkariak korporazioan joango dira parrokiara, Txalkor txistulari taldeak eta Musika Bandak lagunduta, Alkate soinua-ren doinupean.
  • 11:00. Meza nagusia.
  • 12:00. Erraldoien eta buruhandien kalejira, Zubiondo gaiteroekin.
  • 13:00. Udal Musika Bandaren eta Txalkor txistulari taldearen kontzertua, Kontzejupean.
  • 17:00. Pilota partidak, Gurea pilotalekuan. Caixabank Masters Txapelketako partida jokatuko dute Altuna III.ak eta Imazek Larrazabalen eta Zabaletaren kontra, eta Muruak eta Eskirozek Amianoren eta Gabirondoren aurka.
  • 17:30. Egurrezko jokoak Ikurriñaren plazan, Txiki Chef herriko plazan eta karaokea Azoka Plazan.
  • 19:00. Magia poteoa.
  • 19:30. Muxikoak, Balda plazan, Patxi eta Konpainiarekin.
  • 20:00. Azkoitiko gimnastika erritmiko taldearen erakustaldia, parrokiaren aurrean.
  • 22:00. Film Laburren XIV. Lehiaketako lanen emanaldia eta sari banaketa, plazan. Aurtengo gaia sekretua da.
  • Ondoren, La Reina del Pop taldearen kontzertua, plazan.
  • 00:30. Lepue Zapaldu taldearen kontzertua, txosnagunean.
  • 01:30. Yakovlev 42 taldearen emanaldia, txosnagunean.

Etzi, San Roke eguna

  • 09:30. Zubiondo gaiteroen kalejira.
  • 10:00. Txalkor txistulari taldearen kalejira.
  • 10:50. Udal ordezkarien korporazioa Andre Mariaren Zeruratzearen parrokiara, Txalkor txistulari taldeak lagunduta, Alkate soinua-ren doinupean.
  • 11:00. Meza nagusia.
  • 11:30. Erraldoien eta buruhandien kalejira.
  • 12:15. Aurreskua, plazan.
  • 12:30. Vermuteo musikatua, txosnagunean.
  • 13:00. Udal Musika Bandaren eta Zubiondo gaiteroen kontzertua, Kontzejupean.
  • 14:30. Gazte bazkaria, txosnagunean.
  • 16:00. Ur parkea, Balda plazan.
  • 16:30. La Ruina, txosnagunean.
  • 18:00. Elektrokelaren emanaldia, txosnagunean.
  • 19:00. Emakumeen 16. Euskal Herria Kopako finalerdia Realaren eta Eibarren lehen taldeekin, Txerloia futbol zelaian.
  • 19:00. Freshcool ikuskizuna, eliz atarian, Tio Teronen Semeak konpainiaren eskutik.
  • 21:15. Sukena taldearen kontzertua, herriko plazan.
  • 23:00. Suzko erroberak, Vulcano etxearen eskutik.
  • 23:30. Bengo abeslariaren kontzertua, plazan.
  • 23:30etik 02:30era. Drogen kontsumoak eragiten dituen arriskuak saihesteko nahiz murrizteko zerbitzua eta Gune Morea, parrokiaren aurrean.
  • 01:00. GZKL eta Lurrikara taldeen emanaldiak, txosnagunean.
  • 02:00. Txumba, txosnagunean.

Abuztuak 17, astelehena, Baserritarren Eguna

  • 09:00etatik 10:00etara. Azkoitiko Kultur Elkartearen 43. Inazio Iriarte margo lehiaketarako zigilu jartzea, Portaleburu erakusketa aretoan.
  • 09:30. Herriko trikitilarien eta dultzaineroen kalejira.
  • 09:30. Gipuzkoako I. Mendiko Zaldi eta Behorren Txapelketa, Plazaberrin.
  • 11:00. Herriko trikitilari gazteen kalejira.
  • 11:30. Bizijolas, Gaztaneneako parke estalian.
  • 12:00. Erraldoien eta buruhandien kalejira, Txalkor txistulari taldeak lagunduta.
  • 12:00. Herri kirolen jaialdia, plazan.
  • 12:30. Jubilatuen meza, parrokian.
  • 14:30. Jubilatuen bazkaria, Elkargunea eraikineko Herriko Plaza aretoan. Bertan, aurten 90 urte betetzen dituzten herritarrak omenduko dituzte.
  • 16:00. Bizijolas, Gaztaneneako parke estalian.
  • 16:00. Mus txapelketarako izen-ematea, txosnagunean.
  • 17:00. Mus txapelketa, txosnagunean.
  • 17:30. Zezen txikiak eta poniak, Trenbidearen Zumardian.
  • 18:00. Bikote Helduen Dantza Txapelketa, Balda plazan.
  • 18:30. Pontx pailazoa, herriko plazan.
  • 19:30. 43. Inazio Iriarte margo lehiaketaren sari banaketa, Portaleburun.
  • 22:00. Enaitz eta Erkizia bikotearen erromeria, Balda plazan.
  • 23:00. Suzko zezena, Balda plazan.
  • Ondoren, erromeriak jarraituko du.

Abuztuak 18, asteartea, Kuadrillen Eguna

  • 11:00. Kaleko atletismo erakustaldia.
  • 12:00. UK03 txaranga, herrian zehar.
  • 14:30. Herri bazkaria, plazan.
  • 16:30. Skapaie elektrotxaranga, kaleetan.
  • 17:30. Apar festa, Balda plazan.
  • 18:30. Zezenak, Plazaberrin.
  • 19:30. UK03 txaranga, herrian zehar.
  • 21:30. Txapela Brava taldearen kontzertua, plazan.
  • Ondoren, suzko zezena ikuskziuna, herriko plazan.
  • 21:30etik 00:30era. Drogen kontsumoa murrizteko zerbitzua eta Gune Morea, parrokiaren aurrean.
  • 23:00. Lukiek taldearen kontzertua, txosnagunean.
  • 00:00. Aibofobiaren emanaldia, txosnagunean.
  • 01:00. Playlist irekia, txosnagunean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide