Bizitzaren eskolan ikasle hutsa dela dio Xabier Gomezek (Azkoitia, 1970). Azaroaren 30ean izendatu zuten ofizialki Sant Feliu de Llobregateko (Bartzelona, Katalunia) gotzain, baina aspaldi hasi zuen bidea kristautasunean, Predikarien Ordenean. Euskal Herriko eta Espainiako hainbat txokotan askotariko karguetan aritu da Gomez, eta azken urteak Madrilen eman ditu, Tomas Akinokoa komentuan. Espainiako Apezpiku Konferentziako Migrazio departamentuko zuzendaria ere izan da. "Fedea eta edertasuna ezinbestekoak" direla dio.
Aita Santuak Sant Feliu de Llobregateko gotzain izendatu zaitu. Berri ona izan al da? Nola hartu zenuen proposamena?
Ez nuen espero; ez gotzain izendapena, ezta Sant Feliurako gonbidapena ere. Sorpresa handia izan zen, eta proposamena onartzea kostatu egin zitzaidan. Izendapena jasota, nire asmoa da jainkoaren laguntzaz Sant Feliu de Llobregaten bizi den jainkoaren herriari emanda bizitzea eta bertako kristauen elkarteekin batera jaungoikoaren erreinuaren lekuko izaten saiatzea.
Zer dela-eta hautatu dute zure profila gotzain izateko? Zer ezaugarri izan behar ditu gotzain batek?
Nire ustez, gotzain batek Jesusen ikasle izan behar du, jarraitzaile sutsua, zentzuduna, bere herriarekiko gertukoa, zerbitzaria, otoitzean aritua eta baztertuen eta beharra dutenen laguna. Frantzisko Aita Santuak hainbat gauza eskatzen dizkigu gotzain garenoi: jainkoaren herri santuaren aurrean egotea eta haren aurrera joatea, bidea adierazteko eta herriaren itxaropena zaintzeko; beste batzuetan, hurbiltasun sinple eta errukitsuarekin guztion erdian egotea eskatzen digu, baita herriaren ondoan egotea ere, inor atzean gera ez dadin.
Gotzain aukeratzearen arrazoiei dagokienez, uste dut nolabaiteko mugalari bat naizela, banatzen gaituena baino elkartzen gaituenaren bilatzailea. Kristau fedea eta gaur egungo mundua elkarrizketan jartzen saiatzen naiz. Beraz, esango nuke hori hartu dutela kontuan.
Hastapenetara begira jarrita, noiz eta zergatik erabaki zenuen teologian murgiltzea? Zerk bultzatu zintuen horretara?
Alde batetik, egiaren egarriak, eta, bestetik, Azkoitiko familiak, Parrokiak eta ikastetxean jaso eta bizi nituen esperientziek bultzatu ninduten teologiara. Azpeitiko institutuan ikasketak amaitu nituenean hartu nuen seminariora joateko erabakia; izan ere, norentzat bizi nahi nuen galdetzen nion neure buruari, eta azkenean besteentzat izango zela erabaki nuen. Niretzat besteak Jesusen jainkoa eta bere herria ziren, eta herri barruan baztertuenak daudenak. Onartzen dut zalantzak izan ditudala bidean, baina ez naiz hartutako erabakiaz damutzen. Teologiak pentsaraztera bultzatzen gaitu; esaterako, zertarako gauden munduan galdetzera eta argitzera. Gaur egungo gazteei zera esango nieke: egin galderak, pentsatu, galdetu, bilatu.
"Parrokiaren zerbitzura egoteak poztasun handiak ekarri zizkidan"
Donostiako Elizbarrutiak 1994an izendatu zintuen apaiz, eta domingotarrekin ekin zenion nobiziotzari Salamancan. Nola oroitzen dituzu hastapenak?
Hastapenak ezkongai-harremanak bezalakoak dira, ilusio garaiak, baina gero maitasunari, egunerokotasunari heldu behar zaio, erabakiak hartu, akatsetatik ikasi eta besteen laguntza onartu. Hasieratik gaur arte dinamika horretan bizi izan naiz. Bizitzaren eskolan ikasle hutsa naiz, nolabait.
Elgoibarko Parrokiako bikarioa izan zinen 1994tik 1997ra artean, eta Eskoriatzako Pastoral Barrutiko parrokoa eta koordinatzailea, 1997tik 2003ra artean. Euskal Herrian egin zenituen urte haiek. Orduko zer oroitzapen dituzu?
Oroitzapen onak ditut, egia esan. 24 urterekin apaizgintzarako bidea hartu aurretik, Legazpin egon nintzen urtebetez diakono, eta oso pozik bizi nintzen han. Ondoren, Elgoibarrera lekualdatu ninduten, eta han hiru urte egin nituen. Pertsonalki, erronka handiko urteak izan ziren, laneko esparruan gertutik bizi baikenituen hiesa, menpekotasuna edota indarkeria kasuak. Hala ere, beti jende ona topatu dut bidean, pertsona ausartak, eskuzabalak, sinestunak edo sinesgabeak, baina jende ona. Haiekin egin nuen bidea, eta partekatu genituen ametsak nahiz proiektuak. Gazteekin egoten ginen parrokian, herriko aktibistekin kalean. Parrokien zerbitzura egoteak poztasun handiak ekarri zizkidan, eta nire esker ona adierazi nahi diet garai haietan ondoan izan nituen guztiei. Bihotzean bizipen eta izen asko daramatzat.
Orain arte Madrilgo Tomas Akinokoa komentuko priorea eta Espainiako Apezpiku Konferentziako Migrazio departamentuko zuzendaria izan zara. Zein izan dira zure egitekoak?
Priorea elkartearen zaintzaile, bateratzaile eta dinamizatzailea da, eta, era berean, elkarteko ordezkaria da. Bestalde, urte dezente daramatzat migratzaileen ondoan eta haien zerbitzura lan egiten. Hori ez da izan nire egiteko bakarra, baina beti murgildu naiz mundu horretan. Horregatik deitu zidaten Espainiako Apezpiku Konferentziara lanera joateko. Bertatik migratzaileen eskubideak bultzatu ditugu elizbarrutiko delegatuen taldearekin batera, eta sarean integrazioko proiektuak sustatu ditugu.
Kristau elkarte abegikorragoen eta inklusiboagoen alde lan egiten ari gara. Erronka eta aukera handiak ekartzen dizkigute kanpotik datozen auzolagun eta anai-arreba berriek. Migrazioa ez da arazoa. Gure herriaren eta kristau elkartearen argazkia asko aldatu da urteotan, etorkizuna anitza eta kolore askotakoa izango dela dirudi. Elizan, hori gertatzea normalena da, katolikoak garelako, unibertsalak.
"Aukera handiak ekartzen dizkigute kanpotik datozenek; migrazioa ez da arazoa"
Han egindako ibilbidetik, zer nabarmenduko zenuke?
Madrilen bi izan dira nire lehentasunezko misioak: migratzaileen zerbitzua eta artistekin harremana, O Lumen proiektuaren bidez. Bi arlo horietan asko ikasi dut. Gizakia eta gizatasuna salbatzeko biak dira derrigorrezkoak: fedea eta edertasuna. Artistek eta migratzaileek, aldi berean, begirada zorrotzagoa, kritikagoa, zabalagoa eta bihozberagoa erakutsi didate. Itxaropenaren espiritualitatea eta sareko lanaren garrantzia ere azpimarratuko nituzke esperientzia horretatik.
Orain, kargu berria hartzean, zein izango dira zure funtzioak eta ardurak?
Funtzio horiek zehazteko daude. Apaltasunez, elizbarrutiko paisaia geografikoa, kulturala, gizatiarra eta pastorala ezagutzea izango da nire lehenengo lana. Kontraste eta aukera handiko lurraldera noa. Dena den, batez ere, jainkoarengandik, bere herriarengandik, laikoengandik zein erlijiosoengandik gertu egoten saiatuko naiz, eta bereziki bizitzak gehien zauritutakoengandik hurbil bizitzen saiatuko naiz.
Zertan aldatu dira gauzak kristautasunean hasi zinenetik?
Elizan, Erromako hiru gotzain desberdin ezagutu ditugu, hirurak bikainak. Frantziskorekin, berritasuna iritsi da, Latinoamerikako teologiaren eskutik. Baina gizartea bera da azkar aldatzen ari dena. Zera galdetu ohi dut: ba al dakigu nora goazen? Uste dut memoria gutxiko gizartea ari garela sustatzen, eta batzuek gure sustraiak ezabatu nahi dituztelakoan nago. Aukerak bilatu eta proposatu behar ditugu indibidualismoaren eta atxikipen ezaren aurrean.
Espainiako Predikarien Ordenaren arabera, azken 60 urteetan lehen aldia da fraide domingotar batek Espainiako elizbarruti batean apezpikutza bere gain hartzen duela. Zer esan nahi du horrek? Zergatik da gertaera esanguratsua?
Jainkoaren herriaren zerbitzuan, erlijiosoen ekarpena baloratzeko modua izan daitekeelako. Gure erakundeak 808 urte ditu. Nire aurretik karguan egon dena [Agustin Cortes] bere pertsonalitate baliotsuagatik aukeratu zutela pentsatzen dut. Gizon sakona, argia, langilea eta txiroei emana da, eta jendeak maitea du. Kordoban eta Tenerifen oraindik gogoan dute. Haren lekua hartzea erronka handia da niretzat.
"Gizatasuna salbatzeko biak dira derrigorrezkoak: fedea eta edertasuna"
Nola ikusten duzu gaur egun Eliza, kristautasuna eta belaunaldi berriekin duen harremana?
Frantzian, 2023. urtean, 5.463 helduk hartu zuten bataio sakramentua Pazko gauean; horien batez besteko adina 30 urtekoa zen, eta badirudi urtetik urtera gora egiten ari dela. Pentsalari askok galdetzen dute hori nola den posible, baina uste dut ez dituztela galdera zuzenak egiten edo ez dutela norabide egokian begiratzen. Espainian gauza bera gertatuko dela uste dut; orain, gazteria entretenituta dago, espiritualki desmobilizatua, baina ezagutzen ez dutena esperimentatzen dutenean ikusiko da. Elizan gazteei gehiago eta hobeto entzun behar diegula uste dut.
Azaroaren 30ean hartu zenuen kargu berria. Gogotsu al zaude erronka berriei heltzeko?
Kargu hartze ekitaldia usadio zaharra da, bereizgarri ugari dituena. Kontsagrazioaren ondoren, ebanjelioko liburua ireki eta gotzain berriari buruan jartzen zaio. Keinu horrekin adierazi nahi da gotzainak alaitasunaren testigu eta zerbitzari bihurtu behar duela ebanjelioa. Nik horrela bizi nahi nuke, Jesusengan topatu dudan maitasunaren, edertasunaren eta jakinduriaren jarraitzaile apala izaten, eta aldi berean, batasunaren zerbitzari izaten.