Inor ez ahanzturan, Amner Acuña gogoan

Elkar-ekin 2026ko abuztuaren 10a

Amner Acuña.

LAB sindikatuak Azkoitian jazotako lan heriotza baten berri eman zuen joan zen astean, baina geroztik, gertaeraren inguruko informazioa oso urria izan dela salatu du Azpeitiko Elkar-ekin taldeak. Hildako beharginaren senideekin bildu dira taldeko kideak, eta honako idatzi hau kaleratu dute. Pertsona migratzaileek lan munduan bizi duten egoera zer-nolakoa den azaldu du taldeak, besteak beste.  

Amner Acuñak duela zazpi urte utzi zuen atzean Nikaraguako San Juan del Rio Coco herria. Etorkizun hobe bat nahi zuen berarentzat eta bereentzat. Bilaketa horretan, besteak beste,  Azpeitia eta Elgoibar izan ditu bizileku azken urteetan. Hemen bizi izan da bere senideekin, hemen egin ditu lagun berriak, eta nikaraguar komunitatearen parte izaten jarraitu du hemen ere. Beisbol jokalari profesionala izan zen bere herrialdean, eta bere pasioarekin jarraitu du Euskal Herrian.

Baina batez ere lanera etorri zen Acuña, eta hainbat ogibidetan aritu ondoren, baso lanetan zebilen azkenaldian. Bere anaiarekin lanean ari zela, abuztuaren 5en hil zen Azkoitian, 44 urterekin. Makina batek huts egin eta zuhaitz bat gainera erori zitzaion; kolpe handia hartu zuen buruan, eta kolpearen ondorioz hil zen. Automo batentzat lan egiten zuten bi anaiek, eta haren aginduetara ari ziren istripua gertatu zenean.

Aurrez ere ezagutu ditugu antzeko egoerak: pertsona migratzaileen lan heriotzak eta ondorengo isiltasunak. Isiltasun esanguratsuak dira, asko esaten dutelako. Gurean bizitza eta heriotza guztien balioa noraino den bera galdetzera garamatza Amner Acuña beharginaren oroitzapenak. 

Agerikoa da: pertsona migratzaileak dira, kasu askotan, lanik gogorrenetan ari direnak. Zaintza, eraikuntza, garbiketa eta basogintza dira sektore horietako batzuk. Esaterako, basoko lanak istripu kopurua handiak dituzten jarduerak dira: zuhaitzen erorketak ohikoak direlako, lanaldi luzeak izan ohi dituztelako eta erabiltzen dituzten makinek berez dituzten arriskuengatik. Acuñaren heriotza, ezinbestean, baldintza eta testuinguru horietan ulertu behar dugu.

Elkar-ekineko kideok Amner Acuñaren senideekin bildu gara, eta zuzenean entzun ditugu haien bizipenak. Bat egin dugu haien minarekin, eta babesa eskaini diegu. Idatzi honen bidez, eskualdean bizi den nikaraguar komunitate osoari doluminak helarazi nahi dizkiogu.

Pertsonak lanean hiltzea gizarte honetako errealitate gordinetako bat da. Lan heriotzak ez dira zoriaren ondorio. Heriotza horiek gutxi batzuen onura ekonomikoei erantzuten diete, eta  neurri eraginkorrak behar dira horrelakoak behin betiko amaitu daitezen: prebentzio neurri eraginkorrak, langileen prestakuntza, lan baldintza duinak, atsedenak, makina seguruak eta abar.

Herritarrok mugitu ezean, nekez lortuko dugu gertaera horiekin bukatzea. Antolatu gaitezen lan istripuekin eta prekarietarekin amaitzeko, eta egin dezagun justiziazkoa eta askea izango den gizarte baten alde.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide