Gizon bat hil zen atzo Urrategi auzoan, basoan lan istripua izanda

Julene Frantzesena 2026ko abuztuaren 6a

Baso bat.

LAB sindikatuak azaldu duenez, enbor bat gainera erorita hil zen 44 urteko gizona atzo eguerdian. Ertzaintzak Gukari azaldu dionez, larrialdi zerbitzuek ezin izan zuten ezer egin behargina suspertzeko. Osalan ari da istripua ikertzen. LABen esanetan, atzokoa ez zen gertakari isolatua izan; halako istripuak urtez urte gertatzen dira basogintzaren sektorean.

44 urteko gizon bat hil zen atzo eguerdian, 14:30 aldean, Azkoitiko Urrategi auzoan, basoan lanean ari zela izandako istripuaren ondorioz. Basogintzaren sektorean egiten zuen lan gizonak, eta enbor bat gainera erorita hil zen, LAB sindikatuak jakinarazi duenez. Ertzaintzak Gukari adierazi dionez, istripua jazo eta gutxira joan ziren larrialdi zerbitzuak istripuaren lekura, baina ezin izan zuten behargina suspertu. Osalan ari da istripua ikertzen. 

LAB sindikatuak babesa agertu die hildakoaren senideei, lagunei eta lankideei, eta elkartasuna adierazi die basogintzaren sektoreko langile denei. Sindikatuaren esanetan, lan baldintza txarrek hil dute behargina, eta atzokoa ez zen gertakari isolatua izan. "Urtez urte, basogintzan nahiz arrisku handiko beste sektore batzuetan antzeko lan istripu hilgarriak errepikatu egiten dira. Lan baldintza gogorrak, ekoizpen presioa, prebentzio neurri eskasak eta administrazioaren kontrol falta behin eta berriz agertzen dira laneko heriotzen atzean", zehaztu du. 

Gainera, sindikatuak azaldu du bere garaian Gipuzkoako Batzar Nagusietan agerraldia egin zutela basogintzan gertatzen den egoera salatzeko, eta ustiaketan, prebentzioan, ikuskaritzan eta kontrol publikoan benetako aldaketak eskatzeko. "Tamalez, gaur ezagutu dugun heriotzak berriro erakusten du salatutako arazoek bere horretan jarraitzen dutela eta urtez urte faktore berberak errepikatzen direla".

LABek azaldu duenez, erakunde guztiek dute lan baldintzak hobetzeko eta laneko heriotzak saihesteko erantzukizuna: "Gipuzkoako Lan Ikuskaritzak ikuskari kopurua eta kontrolak areagotu behar ditu; Osalanek prebentzioaren arloko jarduera indartu behar du; eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, bere eskumenen baitan, basogintza ustiaketa arloan, ezin du beste aldera begiratzen jarraitu".

Atzoko heriotzarekin, gutxienez 39 behargin hil dira aurten Euskal Herrian lan istripuz. Hala adierazi du sindikatuak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide