Donostiako 87. Musika Hamabostaldia Azkoitira iritsiko da etzi, ostegunez. Andremari jaiak hasi bezperan kontzertu berezia eskainiko du Jose Luis Frantsesena Schubert organistak, Mariatxen Urkia sopranoa, Txalkor txistulari taldea eta Sahatsa dantza taldea lagun dituela. 20:00etan hasiko da emanaldia, Andre Mariaren Jasokundearen parrokian, eta Kandido Beristainen, Tomas Garbizuren nahiz Frantsesena beraren piezak entzun ahal izango dituzte herritarrek.
Joan zen azaroaren 2an, Azkoitiko organista titular postuan 25 urte betetzen zituela eta, Frantsesenak eta Urkia sopranoak elkarrekin eskaini zuten kontzertua parrokian; gainera, azpeitiarrak omenaldia jaso zuen kontzertuaren ostean. Bestalde, hiru hamarkadatik gorako ibilbidea duen Txalkor taldeak ere bigarrenez parte hartuko du Musika Hamabostaldian. Izan ere, iazko edizioan ere aritu ziren taldekideak Martin Baker organistaren emanaldian.
Gaur, orkestra
Holiday Orchestra Ad Hoc taldeak kontzertua eskainiko du gaur, asteartea, 19:30ean, Balda plazan. Orkestra berezia da; izan ere, urtean hamar egunetan soilik elkartzen dira taldea osatzen duten 65 musikariak, bira egiteko. 2024an ere izan zen taldea Azkoitian.