Gaztea irratiko epaimahaiak hala erabakita, Zarauzko Aste Nagusian kontzertua eskainiko du Azkoitiko eta Azpeitiko musikariz osatutako Ramona’s First Evil Boyfriend taldeak. Abuztuaren 17an Gaztea Gaua izango da malekoian, eta Olaia Inziarterekin eta Zeatik Ez taldearekin partekatuko du agertokia taldeak. 22:30etik aurrera izango dira kontzertuak.
Aste Nagusian Olaia Inziarterekin eta Zeatik Ez taldearekin batera zuzenekoa eskaini nahi zuten Zarauzko eta inguruko taldeentzako deialdia zabaldu zuen uztailean Gazteak, eta 70 proposamen baino gehiago jaso dituztela adierazi dute. Epaimahaiak Ramona’s First Evil Boyfriend hautatu du, eta ondorioz, zuzenekoa eskaintzeaz gain, 2.500 euro jasoko ditu taldeak.
Duela sei urte sortu zuten Ramona’s First Evil Boyfriend taldea, eta Andrea Pozo, Josemari Unanue eta Julen Hidalgo dira taldekideak. Martxoan kaleratu zuten hirugarren diskoa: Eatxi. Honako lotura honetan irakur daiteke lan hura kaleratu ostean Gukak taldekideei egindako elkarrizketa.