Ramona's First Evil Boyfriend: "'Eatxi' hitzak konnotazio gogorra du, eta gure musika lasaiagoa da"

Aroa Zamora 2026ko maiatzaren 5a

Julen Hidalgo, Andrea Pozo eta Josemari Unanue, Ramona's First Evil Boyfriend taldeko kideak. (Utzitakoa)

Ramona's First Evil Boyfriend taldeak Eatxi diskoa kaleratu du martxoan; soinu garbiagoaren aldeko apustua egin dute, eta hiru hizkuntzatan sortu dituzte abestiak.

Ramona’s First Evil Boyfriend duela sei urte sortu zen, konfinamendu garaian. Andrea Pozo (Azkoitia, 1997), Josemari Unanue (Hendaia, Lapurdi, 1997) eta Julen Hidalgo (Azpeitia, 1998) taldekideek hasieran uste zutenaren aurka, proiektuak aurrera egin du, eta martxoan kaleratu zuten hirugarren diskoa: Eatxi.

Zer kontatzen duzue diskoan?

ANDREA POZO: Ez dugu gai zehatz bat landu; Azkoitiarekin eta txikitako kontuekin zerikusia duten istorioak daude lanean, herri txiki batekiko harremanei buruzkoak, batez ere nerabezaroan girotuak. Harreman mota desberdinekin lotutako abestiak dira, nire familiarekin eta lagunekin daukadan harremanaren ingurukoak.

Zerk bultzatu zaituzte orain euskaraz abestera?

A.P.: Modu organikoan gertatu da. Batetik, musika euskaraz gehiago kontsumitzen hasi naiz. Beraz, pianoaren aurrean konposatzera jartzen nintzenean, hitzak automatikoki euskaraz ateratzen zitzaizkidan.

JOSEMARI UNANUE: Beste arrazoia estetikoa izan da. Lehen ez ginen euskaraz sortzera ausartzen, ez genuelako gure burua horrelako taldetzat hartzen; gure erreferenteak, batez ere, ingelesak ziren. Azkenean, eraginak aldatuz doaz, eta pentsatu genuen estetikoki egokia izan zitekeela hizkuntza desberdinetan abestea. Ez da hainbeste arrazoi ideologiko batengatik izan, hizkuntza instrumentu gisa erabiltzeagatik baizik.

A.P.: Soinu desberdina aurkitu dugu euskararekin, ezberdina baita melodia ingelesez, euskaraz edo gaztelaniaz abestea.

Zer desberdintasun du oraingo diskoak?

JULEN HIDALGO: Soinuan aldaketa handia dago. Aurreko diskoetan bateria elektronikoak zeuden eta askoz sinpleagoak ziren; honetan, bateria akustikoagoaren soinua gehiago nabari da, eta gitarraren geruza gehiago ere badaude.

J.U.: Grabazioa ere ezberdina izan da. Aurrekoa etxean grabatu nuen, baina muga asko nituen, ezagutza zein material aldetik. Estudio batean grabatzea liberazioa izan da.

Nolakoa izan da sormen eta ekoizpen prozesua?

J.H.: Lehen Andreak eta Josemarik etxean egiten zuten lan hori. Orain, lokalean egin ditugu abestiak.

J.U.: Niri ideiak etxean etortzen zaizkit, bertan lasaiago nagoelako. Baina gertatu izan zaigu gero lokalera joan eta ideia hori guztiz aldatzea. Gainera, ezer egiten ez genuen dinamikan sartu ginen, etxean, eta orduan, kanpotik laguntza jasotzea erabaki genuen; orduan batu zen proiektura Azkue Soinua. Data bat jarri genuen, eta ordurako abestiek eginda egon behar zuten.

Nondik ateratzen dituzue abesti eta diskoen izen berezi horiek?

J.H.: Matxinbenta 03 abestia influentzia gisa dugun Sal del coche deituriko talde batetik dator. Talde horrek Hernani 3 abestia du, eta abesti hori oinarri hartuta, Josemari eta ni txorakeriak esaten eta inguruko lekuak izendatzen hasi ginen, eta horrela, Matxinbenta atera zitzaigun. Bateriaren oinarriaren artxiboari Matxinbenta 03 izena jarri nion, eta horrela geratu zen. 

A.P.: Bestalde, behinola Azkoittiko euskerie liburuarekin gora eta behera genbiltzan; bertan Azkoitiko hitzen definizioak eta horien adibideak agertzen dira. Eatxi hitzaren adibidea oso barregarria iruditu zitzaidan; kamiseta batean jartzeko modukoa zela esanez txantxetan hasi ginen, eta hortik atera zen ideia.

J.H.: Sonoritate aldetik, gainera, hitzak soinu gozoa du, baina esanahia aurkakoa da.

J.U.: Hori da grazia: eatxi hitzak konnotazio gogorra du, eta gure musika lasaiagoa da. Horregatik, azalean ume baten marrazkia jarri dugu, oposizio hori azaltzeko.

Zer harrera izan duzue publikoarengandik?

J.H.: Inguruko jende gehiago gure musika entzuten hasi dela antzeman dugu; lehen ez zen asko gertatzen. Eta, gainera, kontzertu dezente ematen ari gara.

J.U.: Bai, pentsatzen genuena baino gehiago. Otsailean ez genuen ezer itxita, eta azkenean, hamar bat kontzertu ditugu lotuta. Jendeak gustuko duela dirudi; Oviedon (Espainia) neska batek esan zigun diskoa korrika egiteko jartzen zuela.

A.P.: Oso ederra da beste leku batzuetara joan eta ezagutzen ez duzun jendeak esatea zure musika asko gustatzen zaiola. Jendeak interesa agertzea pozgarria da.

Zein da Eatxi diskoko abesti bereziena zuentzat?

J.H.: Grabatzeko moduagatik, Satisfying TV Remote Cleaning aukeratuko nuke. Estrukturarik gabe joan ginen estudiora abesti horrekin; bateria erritmo bat soilik zuen. Josemarik zioen buruan bazuela zerbait, eta grabatzeari ekin genion. Estudioan metronomoan bateria soilik jarri genuen, Josemarik esan zidan hau eta bestea egin nezala. Azkenean, kantu ona geratu da.

J.U. Zuzenerako oso abesti polita, gainera; potentzia dauka eta estilo aldetik diferentzia markatzen du.

A.P.: Bai, eta zuzenean jotzeko gogokoenetakoa da. Baina nik Eatxi esango nuke, letren eta melodiaren sorkuntza prozesuagatik. Blokeo handi batean nengoen, eta Kantabriara (Espainia) joan nintzen bakar-bakarrik; abestiaren demoa jarri, eta letrak eta melodia erraz irten ziren. Abestiaren leloa idaztean ikusi nuen, erritmoaz gain, gogoraerraza ere bazela. Euskaraz idazten nuen bigarren abestia zen, eta poz handia eman zidan.

J.U.: Nik Flookie aukeratuko nuke; diskorako idatzi genuen lehenengotako abestia izan zen, eta diskoaren norabidea markatu zuela uste dut. Lehen egiten genuenarekin alderatuta, pixka bat animatuagoa edo alaiagoa da, eta diferentzia markatzen du.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide