Elkarrizketak

Manex Ansorregi: "Ezin nion ihes egiten utzi horrelako aukera bati"

Andoni Elduaien - Urtzi Oteiza 2026ko uztailaren 22a

Surne Bilbao Basket taldean jokatuko du Manex Ansorregik aurrerantzean. 2028ra arte arituko da azkoitiarra Bilboko taldean. Espainiako ACB ligan debuta egingo du.

Manex Ansorregi saskibaloi jokalariak (Azkoitia, 2002) ACB ligan debuta egingo du, Surne Bilbao Basket taldearen eskutik. Ilusioz beteta da azkoitiarra, eta inoiz baino gogo eta indar gehiagorekin egin nahi dio aurre erronka berriari.

Bilbao Basketen eskutik, ACB ligan arituko zara datorren denboraldian. Zer sentipen dituzu une honetan?

Gogo eta ilusio handiak ditut datorren sasoirako. Edozein kirolariren helburua edo ametsa da goi mailara iristea, eta hori lortuta, gogo handia dut lanean hasteko eta taldekide berriak ezagutzeko.

ACBn aritzeko eskaintza bat baino gehiago jaso dituzu. Zergatik hautatu duzu Bilbao Basketera jotzea?

Entrenatzailea [Jaume Ponsarnau] ezaguna dut. Espainiako selekzioarekin aritu nintzenean, hura hautatzailea izan zen bi urtez. Gainera, haren entrenatzaile laguntzailea ere [Mikel Odriozola] nire entrenatzailea izan zen lau urtez. Bi teknikariek ezagutzen naute, eta azkenean, nahi edo nahi ez, talde berri batera joandakoan asko eskertzen da entrenatzaileak ezagunak izatea. Horrek eragin handia izan du Bilbao Basketekin fitxatzea erabakitzeko.

Entrenatzailearekin eta kirol zuzendariarekin bideo-dei bat ere egin nuen, eta niretzako zituzten asmoak nahiz taldean izango dudan rola zein izango ziren azaldu zizkidaten orduan. Gainera, Azkoititik gertu dago Bilbo, eta lagunekin eta familiarekin egoteko erraztasunak izango ditut. Hori guztia kontuan hartuta, ez nuen zalantzarik egin.

Zer helbururekin ekin nahi diozu gorengo mailan hasiko duzun etapa berriari?

Ez daukat helburu argirik; ikastea da nire nahia. Azkenean, liga eta talde berri batean arituko naiz, eta izen nahiz esperientzia handiko jokalariekin egingo dut topo Bilbon. Egunerokotasunean, horien guztiengandik ahalik eta gehien ikasten saiatuko naiz, baita taldean nire lekua egiten ere, pixkanaka-pixkanaka minutu gehiago irabazteko.

Zure ametsetako bat al zen ACB ligan jokatzea?

Ez. Egia esan, ez dut inoiz horretan pentsatu. Saskibaloiaren munduan txiripaz sartu nintzen, nire lagunik onenak ere saskibaloian ibiltzen zirelako eta haiekin denbora gehiago partekatu nahi nuelako. Urteak pasatu ahala, ordea, ikusi nuen ondo moldatzen nintzela, eta orduan hasi nintzen helburuak jartzen neure buruari. Lehen FEB Mailan egon naizen urteetan, ikusi dut ondo egin dezakeedala nire lana, eta hori jakinda, ACB ligara jauzia egitea nuen helburu. Lortu dut hori, eta orain, poliki-poliki, joango naiz bestelako asmo batzuk zehazten.

ACBn egonkortzeko, zer arlotan pentsatzen duzu egin beharko duzula jauzia?

Jauzia handia da arlo guztietan. Lasai hartu nahi dut, eta beste inork baino gehiago lan egin; izan ere, lan horrek jarriko nau nire lekuan, orain arte bezala.

Jaume Ponsarnaurekin hitz egin duzula esan duzu. Zer eskatu dizu?

Ni naizen bezalakoa izaten segitzeko esan dit. Hark badaki zertan naizen ona eta zertan ez horren ona. Esan dit egokia ikusten nauela nire postuan dauden jokalariekin taldean uztartzeko. Azkenean, entrenatzaile batek hori esaten dizunean edota zurekin kontatzen duela dionean, eta gainera, elkar ezagutzen garenean... Ez nuen ezetz esateko aukerarik.

Atzera begiratuta, nola laburbilduko zenituzke Gipuzkoa Basketen igarotako hiru denboraldiak?

Hiru urte oso onak izan dira, bai kantxan, bai kantxatik kanpo. Zortea izan dut, hiru urteetan talde oso ona egin dugulako; hori ez da horren erraza izaten taldean atzerriko horrenbeste lagun daudenean. Saskibaloiari lotuta, berriz, asko ikasi dut Donostian. Orain arte, Azkoiti-Azpeititik atera gabea nintzen kasik, baina Donostiara joanda, asko lagundu didate; oso jende onarekin egon naiz, eta ni hobetzeko lan egin dute guztiek. Asko ikasi dut, eta oso eskertuta nago Gipuzkoa Basketi.

Iraurgi utzi zenuela hiru urte igaro dira. Ordutik hona, zertan hobetu zarela esango zenuke?

Donostian ezagutu dut maila profesionalean aritzea zer den. Iraurgin, entrenatzera joan, entrenatu eta atzera etxera itzultzen nintzen. Ordea, Donostian ikasi dut minutuak irabazteko borroka eta lan gehiago egin behar direla. Hori hala, ikasi dut taldeko lan saioaren aurretik bakarkako entrenamenduak egiten edota entrenamenduaren ondoren ere entrenatzeko kantxan gelditzen. Esango nuke, nolabait, saskibaloi profesionalean murgiltzen lagundu didatela Gipuzkoa Basketen.

ACBrako igoera kanporaketak jokatu dituzue hiru urtez jarraian. Zer falta izan zaio taldeari azken pausoa emateko?

Momentu askotan ez dugu geure buruarengan benetan sinetsi. Hiru urteetan izan dugu talde ona, iritsi garena baino pixka bat urrunago heltzeko. Azken denboraldi honetan, oso nekatuta iritsi ginen kanporaketetara, baina uste dut bagenuela urrutirago heltzeko taldea.

Defentsa lana eta intentsitatea dira zure indargune nagusiak, eta zenbaki onak lortu dituzu saskiaren aurrean. Nola definituko zenuke zeure burua?

Intentsitateari dagokionez, jokoan eragin handia izan dezaket, eta defentsan ere ekarpen handia egin. Nolanahi ere, taldeko jokalaria naizela uste dut, gehienbat; taldeagatik edozer egiteko prest nago beti.

Zaila izango da zurea izan den taldea atzean uztea, ezta?

Ez zait erraza egiten horrelako momentuetan haiekin ez dudala jarraituko esatea. Ordea, eskerrak ematea besterik ez zait gelditzen bai Iraurgiri, bai Gipuzkoa Basketi, biek asko lagundu didate eta. Pena da ez jarraitzea, oso ondo tratatu naute eta, baina nire buruari begiratu behar diodala uste dut oraingoan. Ezin nion ihes egiten utzi horrelako aukera bati, akaso berriro ez da-eta ailegatuko.

Zure fitxaketa iragartzeko, taldeak zure etxekoekin hitz eginda bideo bat plazaratu zuen.

Oso bideo polita argitaratu zuten; ilusio handia egin zidan. Klubekoek Bilbora joateko esan zidaten, fitxaketa iragartzeko argazkiak-eta ateratzera. Ordea, Bilbora joan aurreko egunean bizilagun batek esan zidan ea bideoa ikusi al nuen. Zerbait usaindu nuen, baina ez nuen espero egun horretan erakutsiko zidatenik. Gela batean sartu ninduten, eta han pantaila ikusitakoan jakin nuen bideoarena.

ACB ligara iritsita, zer amets dituzu orain?

Orain arte bezala lanean jarraitzea da nire nahia, eta horri lotuta, taldean nire lekua egitea. Minutuak lortu ahala, ikusiko dut gauza ondo edo gaizki doan. Ahalbait gehien jokatzea eta gauzak ahalik eta ondoen egitea da nire nahia. Gauzak ondo edo gaizki ateratzen direnaren arabera, jarriko ditut gainerako helburuak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide