Azkoitiko Udalak nahiz Itaiak gaitzespenik irmoena adierazi dute asteartean herrian gizon batek adin txikiko bi neskari egindako erasoaren aurrean. Izan ere, Ertzaintza gizon bat ikertzen ari da, sexu askatasunaren aurkako delitu bat egotzita. Poliziaren arabera, gizonak adin txikiko bi neskari aurpegian musuak eman zizkien joan zen astearte gauean, haien baimenik gabe. Gertaera horien berri izan ostean, Ertzaintzak ustezko egilea atzeman zuen gertaerak jazo eta minutu batzuetara.
Udalak jakinarazi duenez, harremanetan jarri da erasoa jasan duten adin txikikoekin eta haien familiekin Gizarte Zerbitzuen sailaren bitartez, babesa eta elkartasuna helarazteko, eta behar izan ditzaketen udal baliabideak haien eskura jartzeko. Halaber, halako jokabideak "inolaz ere ez onartzeko" deia egin du.
Era berean, udalak halako kasuetarako duen protokoloan oinarrituta, Ana Azkoitia alkateak Bozeramaile Batzordea deitu du informazioa helarazteko eta gaia aztertzeko. Bozeramaile Batzordeak gaitzespen adierazpena adostu du aho batez.
Itaiak, bere aldetik, gertatutakoa salatzeko protesta egin zuen atzo arratsaldean herriko hainbat puntutan. "Ezinbestekoa da halako egoera matxistak desnormalizatzea eta horien aurka antolatzea. Indarkeria matxistaren aurka kaleak hartzeko unea da", azaldu dute.
Eraso matxisten aurrean zenbaki hauetakoren batera deitu dezakete herritarrek:
Larrialdiak: 112.
Udaltzaingoa: 943-85 71 71.
Ertzaintza: 943-08 37 80.
Indarkeria matxista: 900-84 01 88.
Hariberri sexu indarkeriari arreta integrala: 900-84 01 88.