Udalak harrera egin die Gipuzkoako txapeldunei

Andoni Elduaien 2026ko ekainaren 29a

Txapeldunak udaletxean, udal ordezkariekin. (Andoni Elduaien)

Azkoitiko Oteiza pilota elkarteko palistek laugarrenez irabazi zuten atzo Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa, eta gaur udal ordezkariek harrera egin diete haiei, udaletxeko bilkura areto nagusian. "Goian utzi duzue Azkoitiko herriaren izena", esan die Ana Azkoitia alkateak bost txapeldunei. 

Udalak harrera egin die gaur, astelehena, Oteiza pilota elkarteko palistei. Azkoitiak laugarrenez jantzi zuen atzo Gipuzkoako Herriartekoan txapela gomazko paletako modalitatean, eta horren harira, udalak aitortza ekitaldia egin die herriko palistei arratsaldean. Azkoitiak 1-2 irabazi zion Tolosari atzo, Donostiako Atano III.a pilotalekuan; buruz buruko bi partidetan nagusitu ziren Oteiza elkartekoak. Igor Larrañaga, Marcos Azpiroz, Iker Epelde, Jokin Aizpuru eta Amaia Aizpuru palistek osatu dute aurten taldea, eta Ana Azkoitia alkateak haiek guztiak zoriondu ditu, udalbatzaren izenean.

Alkateak atzoko finalak laburbildu ditu aurrena, eta bost kideek kantxan edota atseden aulkian egindako lana goraipatu du. Pozik azaldu da alkatea, eta nabarmendu du "plazera" dela garaipena txapeldunekin batera partekatzeko eta ospatzeko aukera izatea. "Azkoitian eskuz Herriarteko Txapelketarako tradizio handia dago; txapelketa 1968. urtean hasi zenez geroztik, Azkoitiak hamasei bider irabazi du eskuz. 2006an irabazi zuen Azkoitiak azken txapela, eta harrezkero, isil samar gabiltza modalitate horretan. Ordea, gomazko paletako taldeak berriz ere Azkoitiko herriaren izena puri-purian jarri du. Modalitate horretan parte hartzen hasi ginen duela zortzi urte, eta dagoeneko lau txapel eskuratu ditugu; martxa honetan motz gelditu behar zaizkigu eskuzkoen hamasei txapelak", esan du Azkoitiak.

Alkateak palistei esan die haiek irabazten dutenean, txapelduna herria dela. "Azkoitia da txapelduna, eta nola ez, pilota ere bai. Pilota da Azkoitiko herriaren nortasunaren zutabe nagusietako bat. Pilotak eta frontoiak, pilotariok eta palistok egiten duzue herria herri. Lan zaila omen zen atzokoa, baina txapela herrira ekarri duzue. Goian utzi duzue Azkoitiko herriaren izena, eta horregatik, gure zorionik eta eskerrik beroena helarazi nahi dizuegu. Zuetaz eta Azkoitiko pilota munduaz harro egoteko beste arrazoi bat eman diguzue. Azkoitiarrok pilotarekiko dugun zaletasuna odolean eman arren, kantxan maisutasunez irabazten dakizuela erakutsi duzue".

Era berean, alkateak elkartearen eta palisten lana azpimarratu nahi izan du. "Zuen atzean Oteiza pilota elkartea dago, eta harrobia indartzea eta gure sehaska zaintzea dagokio hari. Denok dakigun moduan, kirolaren atzean lan asko dago, eta lorpenak ez dira iristen ahaleginik ez bada egiten. Eutsi indarrari nahiz ilusioari, eta segi frontoian egurra ematen. Guk, senideok, lagunok, eta, oro har, azkoitiarrok, zuek animatzen eta txalotzen segituko dugu, baita zuen lorpenak zuekin ospatzen ere". 

Palistek beraiek eraman dituzte atzo Donostian eskuratutako txapelak udaletxera, baina gaur ere ez dira esku hutsik itzuli etxera; izan ere, alkateak banan-bana eman dizkie haiei udalak duela gutxi kaleratu dituen Azkoitiko pilotarien erreplika txikiak. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide