Iker Epeldek bazekien zerbait. Gaur Azkoitia eta Tolosa jokatzekoak ziren gomazko paletako Herriartekoaren finala nolakoa aurreikusten zuen galdetuta, hirugarren partida erabakiorra izango zela erantzun zuen azkoitiarrak; eta baita izan ere. Lehen partida irabazita, ondo hasi dira Oteiza pilota elkarteko palistak, baina Tolosak bana berdintzeak estu jarri dizkie gauzak. Kale edo bale, partida bakarrera jokatutako final baten itxura hartu du azken norgehiagokak, eta zorionez, Jokin Aizpuru gai izan da presio hori guztia ondo kudeatzeko eta kantxan bere onena emateko. Horrela, Tolosa 2-1 mendean hartuta, Azkoitiarentzat izan da gomazko paletako Herriarteko txapela.
Donostiako Atano III.a pilotalekuan jokatu dute finala, 10:30ean hasita. Kantxa osoko buruz burukoan, erabateko nagusitasuna erakutsi du Iker Epeldek, aurkariari hiru tanto baino gehiago egiteko aukerarik ez baitio utzi; horrela, 3-20 bukatu dute norgehiagoka. Binakakoan, ordea, bestela joan dira gauzak. Tolosako bikotea hobea izan da, eta 20-14 galdu dute Marcos Azpirozek eta Igor Larrañagak. Zazpi koadro barruko buruz burukoan, ostera, gehiago izan da Azkoitia eta Aizpuruarentzat izan da garaipena, aurkariari zazpi tantoko aldea aterata; 13-20 dute. Horrenbestez, finaleko hiru partidetatik bi irabazita, Azkoitiak jantzi du gomazko paletako Herriarteko txapela, historian laugarren aldiz.