LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna da gaur, ekainaren 28a, eta Azkoitiko Udalak egun horri lotutako adierazpena onartu zuen joan zen asteazkeneko udalbatzarrean. Hain zuzen ere, EAJren, EH Bilduren eta PSE-EEren bozekin onartu zuten mozioa; Azkoitia Baiko hiru hautetsiek kontrako boza eman zuten, mozio guztiekin egiten duten gisan.
Honako hau da joan zen asteazkeneko udalbatzarrean onartu eta irakurri zuten adierazpena:
"Ekainaren 28a ospakizunerako, memoriarako eta aldarrikapenerako eguna da, baina egun honek hausnarketarako tartea ere izan behar du. Izan ere, oraindik ere badira egiteko dauden lanak. LGTBIQ+ kolektiboaz multzo gisa hitz egiten badugu ere, errealitate guztiak ez dira baldintza berberen pean bizi.
Badira oraindik ere ikusgarritasun tikiagoa duten identitateak, gorputzak eta sexu orientazioak. Askotan, gutxiago ulertzen dira eta diskriminazioa jasateko arrisku handiagoa dute. Horien artean daude pertsona transak eta inter sexualak, baita emakume lesbianak eta pertsona bisexualak ere. Haien errealitateek oztopo handiagoak izaten dituzte aitortza osoa lortzeko. Egoera hori ez da gizartean bakarrik gertatzen. Inklusio handiagoa egon beharko lukeen espazio eta komunitateetan ere iraun egiten du.
Era berean, ezinbestekoa da begirada intersekzionala izatea. Diskriminazioak ez du modu bakarrean eragiten, eta ez die pertsona guztiei berdin eragiten. Gurutzatzen gaituzten faktoreak askotarikoak dira. Sexu orientazioa, genero identitatea edo gorputzak beste egoera batzuekin uztartzen dira sarri: arrazakeriarekin, pobreziarekin, etxerik ez izatearekin, haurtzaroarekin, desgaitasunarekin, aniztasun psikikoarekin edo bestelako bazterketa egoerekin.
Horrek esan nahi du ez dela gauza bera LGTBIQ+ pertsona izatea laguntza sare bat, egonkortasun ekonomikoa edo aitortza soziala izanda, edo prekarietatean, bakardadean edo diskriminazio anitzen erdian bizitzea. Euskadin ere bizi dira LGTBIQ+ pertsonak zaurgarritasun, desberdintasun edo ikusezintasun egoeretan. Besteak beste, egoera administratibo irregularrean dauden migratuak, kale egoeran bizi diren pertsonak, espazio hetero normatiboetan bizi diren adinekoak edo aniztasun psikikoa duten gazte LGTBIQtak. Pertsona batzuek zailtasun handiagoak dituzte enplegua eskuratzeko, etxebizitza bat lortzeko edo osasun arreta jasotzeko. Beste askok ez dute espazio segururik aurkitzen, edo ezin dute beren identitatea lasaitasunez bizi espazio publikoan. Horregatik, Harrotasunaz hitz egiten dugunean, eskubideez ere ari gara. Eta pertsona guztientzako bizi baldintza duinez. Inork ezkutatu beharrik izango ez duen gizartea eraikitzeaz ari gara. Inork bere burua justifikatu edo beldurrez bizi beharrik izango ez duen gizartea.
Azken urteetan ikusten ari gara zenbait diskurtsoek dagoeneko lortutako eskubideak zalantzan jartzen dituztela. Era berean, espazio batzuk gero eta seguruagoak ez direla pertsona LGTBIQ+ askorentzat ere ikusten ari gara. Horren aurrean, gogorarazi behar dugu gizarteko espazio guztiak herritar guztienak direla. Eta espazio bat benetan publikoa bada, anitza izan behar du nahitaez. Kaleak, erakundeak, ikastetxeak, kultur guneak eta komunitate espazioak pertsona guztiek berdintasunean egon eta parte hartu ahal izateko lekuak izan behar dira.
Aniztasuna ez da mehatxu bat, ezta salbuespen bat ere. Gure gizartearen errealitatea da, eta denon ondarea. Gizarte irekiagoa, demokratikoagoa eta gizatiarragoa eraikitzen laguntzen digu. Horregatik da beharrezkoa oraindik ere ekainaren 28an ahotsa altxatzea. Ospatzea ere erresistentzia egitea delako. LGTBIQ+ pertsona guztien errealitateak ikusgarri egiteak garrantzitsua izaten jarraitzen duelako. Eta oraindik ere badirelako bazterrean geratzen diren ahotsak, bizipenak eta beharrak.
Gure konpromisoa berretsi nahi dugu LGTBIQ+ pertsona guztiekin, bereziki zaurgarritasun handieneko egoeretan bizi direnekin. Lanean jarraituko dugu pertsona guztientzat bidezkoagoa, inklusiboagoa eta anitzagoa izango den gizartea eraikitzeko".