Azkoitia Hiria xake txapelketa jokatuko dute igandean hogei taldek

Ane Olaizola 2026ko ekainaren 26a

Dozenaka lagun, iaz, Azkoitia Hiria txapelketa jokatzen. (Andoni Elduaien)

Kontzejupean jokatuko dituzte partidak 10:00etatik aurrera, eta parte hartuko duten hogei taldeetatik sei Anaitasuna Kakuterenak izango dira. Izan ere, "klubaren eguna" izango da egitasmoa. 

Azkoitia Sustapena txapelketatik bi aste besterik igaro ez diren honetan, Anaitasuna Kakute xake klubak beste hitzordu bat prestatu du datorren iganderako: Azkoitia Hiria txapelketa. Aurten, 44. urtez jokatuko dute txapelketa hori Kontzejupean, eta 10:00etatik aurrera, hiru jokalariz osatutako hogei talde arituko dira lehian. 

Antolatzaileen arabera, honako talde hauek parte hartuko dute aurtengo txapelketan: Martintxo, Barakaldo, Santurtzi, Santurtzi Neskak, Zornotza, Liendo, Alfil, Altuna Uria, Beraun Bera, Billabona, Eibar, Eibar Txiki, Gros, Hondarribia-Marlaxka eta Anaitasuna Kakuteren sei talde. Blitz erara jokatuko dituzte norgehiagokak, hau da, partidek hiru minutu iraungo dute, eta jokaldi bakoitzean bi segundo gehiago luzatu ahal izango dute. Horrenbestez, sistema suitzarrean oinarritutako 11 txandek osatuko dute txapelketa. 

Anaitasunak azaldu du klubaren eguntzat har daitekeela igandeko egitasmoa, haren asmoa izaten baita taldeko jokalari eta bazkide guztiek parte hartzea, elkarrekin xakearen "egun handi bat" ospatuz. Horrez gain, Joxe Azkue omenduko dute txapelketan, haren heriotzaren hamabosgarren urteurrenean. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide