Azkoitiko Anaitasuna Kakute eta Gros xake taldeen eskutik, Azkoitia Sustapena txapelketa jokatu dute gaur goizean Elkargunean. Hango bi aretotan banatuta jokatu dituzte partidak txapelketan parte hartu duten 160 lagunek, eta "arrakastatsua" izan da aurtengo edizioa antolatzaileen hitzetan; batetik, jokalari kopuruagatik, eta bestetik, haiek erakutsi duten mailagatik.
Hiru kategoriatan banatuta gauzatu dute txapelketa, eta 20 urtez azpikoen mailan, Hondarribia-Marlaxka taldeko Gorka Tafall nagusitu da, bost partidak irabazita. Haren atzetik sailkatu da Mikel Gurea taldeko Asier Etaio, eta hirugarren egin du Gros taldeko Jose Angel Rodriguezek, biek ala biek lau puntu lortuta. Maila horretan, Denis Valor eta Alaitz Hidalgo azkoitiarrek bi puntu lortuta amaitu dute txapelketa, eta Ane zein Izaro Arriola ahizpek puntu bakarrarekin.
14 urtez azpiko kategorian, Gros taldeko Zhian Lin eta Ekai Legorburu izan dira garaileak 4,5 punturekin, Alex Franco azpeitiarren aurretik; hark lau puntu lortu ditu, eta bera izan da sei laguneko lantaldea osatu dutenen artean jokalari onena. Bestalde, Ian Arellano azkoitiarrak puntu bat eskuratu du txapelketan.
Azkenik, 12 urtez azpikoen mailan, Gros taldeko Hugo Rodriguez nagusitasunez gailendu da bost punturekin, eta berarekin osatu dute podiuma talde bereko Iosu Usedek eta Taula Lasarte klubeko Pedro Garciak, biak ala biak 4,5 punturekin. Maila horretan, etxeko jokalari onena Luken Pascual izan da lau punturekin.
Epaimahai lanetan, berriz, Mikel Almansa, Aitor Herran, Imanol Larrañaga, Christian Sanchez, Unai Dorronsoro eta Egoitz Irure aritu dira.
Txapelketa amaituta, antolatzaileak "oso harro" azaldu dira izandako erantzunarekin, "zorion mezu asko" jaso dituztela azpimarratuta. Haiek, beren aldetik, elkarteko bazkideak, gurasoak eta txapelketaren laguntzaileak eskertu dituzte.