Hitanoa oinarri izanda, bertso saioa eskainiko dute bihar Elkargunean

Ane Olaizola 2026ko ekainaren 24a

Hika bertso saioa egingo dute bihar seigarrenez, eta Nerea Elustondo, Andoni Egaña, Agin Laburu eta Aner Peritz bertsolariek parte hartuko dute. Han banatuko dituzte V. Hike eizan! bertsopaper lehiaketako sariak ere. 

Seigarren Hika bertso saioa egingo dute bihar Elkarguneko Herriko Plaza aretoan (19:00), eta aurtengoan, Nerea Elustondo, Andoni Egaña, Agin Laburu eta Aner Peritz bertsolariak igoko dira oholtzara, Haritz Alberdi gai jartzaile dutela. Ohi bezala, hitanoa erabilita arituko dira bertsolariak kantuan. 

Bertso saioaz gain, ekitaldi horretan banatuko dituzte V. Hike eizan! bertsopaper lehiaketako sariak ere. Aurten, lehiaketako epaimahaia osatzen dute Hike eizan! taldeko eta Erniarraitz Bertsozale elkarteko kideek Oier Etxeberriari eman diote helduen mailako sari nagusia. Maila horretan, txapeldunorde izan da Aimar Goenaga, eta Azkoitia Saria Naia Arrizabalaga Arrietarentzat izango da. Gazteen mailan, sari nagusia eman gabe uztea erabaki du epaimahaiak. Dena den, Oier Juaristik Azkoitia Saria jasoko du kategoria horretan. Azkenik, 14 urte bitarteko umeen mailan, Nahikari Camposek irabazi du lehenengo saria. Azkoitia Saria, berriz, Judit Eismanek eta Alaine Tenak jasoko dute bihar.

Saridun guztiek, gainera, beren bertso sorta sarituak abestuko dituzte ekitaldian. Saioa irekia eta doakoa izango da herritar ororentzat. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide