Oier Etxeberria eta Nahikari Campos nagusitu dira V. Hike eizan! bertsopaper lehiaketan

Ane Olaizola 2026ko ekainaren 1a

Oier Etxeberria bertsolaria, Gipuzkoa Bertsotan txapelketan abesten. (GBE)

Gazteen mailako sari nagusia eman gabe geratu da, eta Naia Arrizabalagak, Oier Juaristik, Judit Eismanek zein Alaine Tenak irabazi dituzte Azkoitia sariak. Hilaren 25ean izango da sari banaketa ekitaldia, Hika bertso saioarekin batera. 

Hike Eizan! lantaldeko eta Erniarraitz bertsozale elkarteko kideek osatu duten epaimahaiak jakinarazi ditu  V. Hike eizan! bertsopaper lehiaketaren irabazleak, eta aurten, Azpeitira joan dira sari nagusiak: Oier Etxeberria eta Nahikari Campos nagusitu dira helduen zein haurren mailetan; gazteena hutsik geratu da. 

Helduen mailari dagokionez, Etxeberriak Kare bizia bertso sortagatik jaso du sari nagusia, eta bigarrena, berriz, Aimar Goenaga eibartarrak eskuratu du, Baloi hari esker lanarengatik. Azkoitia Saria, bestalde, Naia Arrizabalagarentzat izan da, Haizeak harabil bertsoengatik. 

Gazteen mailan, 15 eta 18 urte arterakoenean, lan bakarra aurkeztu da, eta sari nagusia eman gabe uztea erabaki du epaimahaiak. Dena den, Oier Juaristik Azkoitia Saria jaso du kategoria horretan, Urteak aurrera gizartea atzera bertso sortarengatik. 

Azkenik, 14 urte bitarteko umeen mailan, Berdintasuna izeneko bertsoei esker irabazi du Camposek lehenengo saria. Azkoitia Saria, berriz, Judit Eismanek eta Alaine Tenak jasoko dute, elkarrekin sortu duten Temuko komun arraroa bertso sortarengatik.

Guztira, 14 bertso sorta aurkeztu dira aurtengo lehiaketara: zazpi lan helduen kategorian, bat gazteenean eta sei umeenean. 

Hilaren 25ean, sari banaketa

Ohi bezala, Hika bertso saioarekin batera banatuko dizkiete sariak bertsolariei. Ekainaren 25ean izango da aurtengo hitzordua, eta han abestuko dute Nerea Elustondok, Andoni Egañak, Agin Laburuk eta Aner Peritzek, Haritz Alberdik jarritako gaiak landuz. 19:00etan izango da saioa Elkargunean, eta sarrera irekia nahiz doakoa izango du. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide