Bero ikaragarria ez zen atzo, San Juan bezpera, herritarrak etxean geldiarazteko aitzakia izan. Izan ere, egun horretan ohikoa denez, Azkoitiko Udalak suaren bueltako festa prestatua zuen 22:00en bueltarako, eta herritar ugari atera zen kalera, urteko egunik luzeeneko azken argi orduez gozatzera.
Sahatsa dantza taldeko kideak 21:30 aldean atera ziren kalera dantzara, eta plazan egin zuten aurreneko geldialdia, udal ordezkarien aurrean. Izan ere, Ana Azkoitia alkateak herriko bandera eman zion dantzarien ordezkari bati. Taldeko dantzariek Gipuzkoako ezpata dantza dantzatu zuten, eta plazatik Eliz atarira joan ziren. Han ere dantza bera eginda iritsi ziren 22:00 aldean Balda plazara.
Ordurako jendez beteta zen Balda plaza, baita haren inguruak ere, eta udal ordezkariak ez ezik, Darahli taldeko ordezkariak ere han ziren. Hain zuzen ere, aurten elkarte horretako kideek izan dute San Joan sua pizteko ardura, udalak erabaki baitu aitortza egitea. Horrenbestez, atzo elkarte horretako kide azkoitiarrek nahiz Azkoitian bizi diren saharar batzuek piztu zuten sua, baita Ana Azkoitia alkateak ere, Udal Musika Bandak eta Iraurgi abesbatzako kideek Azkoitia abestia jo eta kantatzen zuten bitartean.
Sua pizterako Saharako herriaren aldeko hitzak izan zituen Sonia Vazquez zinegotziak; festa giroan aldarrikapenak ere izan zuen bere lekua. Udalaren izenean, esker ona adierazi zion hark Darahli elkarteari, saharar herriarekin egiten ari diren bidegabekeriaren aurrean, injustizia salatzeagatik, sahararren duintasuna aldarrikatzeagatik eta mundu hobea eta justuagoa egiten saiatzeagatik. "Mendi erdia, 50 urte bete dira aurten, Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zutenetik. 50 urte daramatzate sahararrek erresistentzian errefuxiatuen kanpamenduetan, beren lurren okupazioa eta expoliazioa pairatzen, giza eskubideen urraketa lotsagarriak sufritzen, munduak begiak beste nonbait dituen bitartean", salatu zuen hark.
Hitzartze horren ondotik piztu zuten sua, eta minutu batzuk egon ziren aurten 50 urte betetzen dituen Sahatsako taldeko kideak dantzari ekiteko zain; izan ere, aurretik zen bero sapari suaren beroa batu zitzaion. Dena den, suak apaltzera egitearekin hasi ziren dantzan, eta beroak bero, hainbat dantza eskaini zituzten, besteak beste, ezpata dantza eta aurreskua.
Ekitaldia bukatzean, usadioari jarraituz, herritarrek askotariko paper zatiak-eta bota ahal izan zituzten sutara.