Pilotari Eguna 2026

Falta direnak gogoan, hasi da hamargarrenez pilotaren festa

Ane Olaizola 2026ko ekainaren 13a

X. Pilotari Eguna ospatzen ari dira gaur, eta Carlos Arrizabalaga Xapatero zena eta urzelaitar familia omendu dituzte. Gizonen banakako finalean, Ion Etxanizek jantzi du txapela. 

Pilotari Egunaren hamargarren aldia da gaur, eta urteurren borobilean, falta direnak gogoan izan ditu egitasmoaren antolatzaile Txulue elkarteak. Batetik, joan zen otsailean hil zen Carlos Arrizabalaga Xapatero omendu dute —hura hil osteko lehen Pilota Eguna da gaurkoa—, eta bestetik, urzelaitar familiak jaso du aurtengo aitortza nagusia. Xapaterok zein urzelaitarrek pilotaren munduan egindako lana azpimarratu dute antolatzaileek, eta haiek gogoan, festari hasiera ematen dion pilotakada botatzeko ohorea izan du Tegi Urzelaik. 

Omenaldi xumea bezain sentitua egin diote batari zein besteari. Urzelaitarrei dagokienez, Jose Maria Urzelai izan zen familiako erreferente nagusia, eta antolatzaileek adierazi dutenez, 1895etik 1905era bitartean pilotaririk onena izan zen askorentzat. "Bere joko ikusgarriak, ezker bikainak eta kiroltasunak arrasto sakona utzi zuen euskal pilotaren historian". Haren ondoren etorri zen, berriz, Justino Urzelai, zeinak aitaren bideari jarraitu zion. Atzelari "bikaina" izan zen hura, eta 1941 eta 1943an Binakako Txapelketa nagusia irabazi zuen hark. Ordea, Txuluek azpimarratu du urzelaitarren historia ez dela pilotari dagokiona soilik, frankismoaren oztopoei ere aurre egin behar izan baitzion. "Familia honen historiak ahalegina, konpromisoa, nortasuna eta herri baten harrotasuna irudikatzen ditu. Horregatik, haien izena betiko geratuko da Azkoitiko historian eta euskal pilotaren memorian". 

Festa, berotan

Bero handiarekin ari dira ospatzen gaur X. Pilotari Eguna, eta plaza festaren epizentro bilakatuta, itzal bila aritu dira horietako asko. Dena den, tenperatura altuak ez ditu kikildu herritarrak, eta ohiko moduan, urdinez zein gorriz jantzita atera dira horietako asko plazara. Beste behin, Kontzejupeak hartu du protagonismoa, han egin dituztelako omenaldiak, eta han jokatu dituztelako eguneko aurreneko partidak ere. Hain zuzen, Ion Etxanizek eta Joritz Badiolak gizonen banakako txapelketaren finala jokatu dute udaletxe azpiko pilotaleku horretan, eta aurrenekoak jantzi du txapela. Era berean, goi mailako emakumeen zein gizonen partida banaz gozatu dute han elkartu diren herritarrek. Emakumeetan, Iturriagak eta Orbegozok zein Barrokalek eta Agirrek osatutako bikoteek jokatu dute norgehiagoka, eta gizonetan, Xabier Andreu-Mikel Goñi Goñi II zein Ekain Lizeaga eta Aitor Goenaga bikoteena ikusi ahal izan da.

Eguerdira arteko ekintzen ostean, arratsaldean jarraituko du Pilotari Eguneko egitarauak.16:00etan, Skapaie elektrotxarangarekin hasiko da festa herriko plazan. 18:00etan, berriz, Balda plazatik Kontzejupera joango dira herritarrak, urte askoan Azkoitiaren garaipen oihua izan den Aliron juntadizoa eginda. Jendea plazan pilatzen denean jokatuko dituzte, azkenik, gizonen eta emakumeen binakako txapelketaren finalak; 18:30ean izango da emakumeena, eta 19:00etan, gizonena. Eneritzek eta Oihanak Petraren eta Joneren aurka jokatuko dute aurreneko norgehiagokan, eta Markelek eta Landerrek Ugaitz eta Xabat izango dituzte aurkari bigarren lehian. Partida guztiak jokatzen dituztenean banatuko dituzte final guztietako sariak.

Gukak, zuzenean

Guka Telebista zuzenean ari da eskaintzen Pilotari Eguna. Goizeko emanaldiaren ostean, arratsaldean beste bat eskainiko du, 18:30ean hasita. Telebistan ez ezik, Azkoitiko Gukaren webgunean ere jarraitu ahal izango da emanaldia.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide