Bihar urteurren borobila izango du Pilotari Egunak, pilotari gorazarre egitea asmo duen egitasmoak hamargarren urtez hartuko baititu herriko txokoak. Egun handiaren atarian, berriz, Pilotari Txiki Eguna ospatu dute gaur, eta dozenaka haur zein heldu elkartu dira plazan pilotaren bueltan jolastera zein ikastera.
Batetik, umeentzako jolasak prestatu ditu Txulue elkarteak arratsaldean, eta horiekin gozatzeko aukera izan dute haurrek; bestetik, Gukarekin elkarlanean, Emakumeak eta pilota: egungo oztopoak eta etorkizuneko erronkak mahai ingurua eskaini dute Eneritz Arrieta, Itxaso Erasun eta Naroa Agirre pilotariek, Iraia Oteiza kazetariak gidatuta. Han ere hainbat herritar bildu dira, eta hiru pilotari horien bizipenak entzutera.
Gaurko ekintzen ostean iritsiko da bihar X. Pilotari Eguna, eta orduan, goizetik gauerako egitaraua izango dute herritarrek. Hasteko, Juan Baustista herriko kronista ofizialaren eskutik bisita gidatua egingo dute herriko frontoietan, eta ondoren, Kontzejupea bihurtuko da festaren epizentro; han, banakako zein binakako txapelketetako finalak jokatzeaz gain, beste hainbat norgehiagoka ere izango dira egunean zehar. Eguerdian, gainera, Txulue pilota elkarteak urzelaitarrak omenduko ditu, "belaunaldi desberdinetan familian izan ziren pilotari handiek Azkoitiaren izena Euskal Herriko frontoi nagusietara eraman zutelako". Hala, urzelaitarren dinastiako kideek izango dute Kontzejupean jai hasierako pilotakada emateko ohorea.
Hemen biharko egitaraua:
- 10:00. Azkoitiko frontoietan bisita gidatua.
- 11:30. Erraldoien eta buruhandien kalejira, Txalkor taldeko txistulariekin.
- 12:00. Azkoitiko trikitilarien kalejira.
- 12:00. Emakumeen goi mailako partida: Iturriaga-Orbegozo eta Barrokal-Agirre.
- 12:30. Gizonen banakako finala eta sari banaketa.
- 13:00. Urzelaitarrei omenaldia eta pilotakada.
- 13:30. Gizonen goi mailako partida: Andreu-Goñi II.a eta E. Lizeaga eta Goenaga.
- 16:00. Skapaie elektrotxarangarekin festa, herriko kaleetan.
- 18:00. Aliron juntadizoa, Balda plazatik Kontzejupera.
- 18:30. Emakumeen binakako finala.
- 19:00. Gizonen binakako finala. Ondoren, sari banaketa.