Azkoitian Pilotari Eguna ospatuko dute bihar hamargarrenez, Txulue pilota elkarteak esku pilota eta herriko pilotariak omentzeko ekainean egin ohi duen festa.
Atariko moduan, Pilotari Txiki Eguna ospatuko dute gaur. Umeentzako jolasak ez ezik, Emakumeak eta pilota: egungo oztopoak eta etorkizuneko erronkak mahai ingurua egingo dute. Eneritz Arrieta, Itxaso Erasun eta Naroa Agirre pilotariak ariko dira solasean Txulue elkarteak eta Gukak elkarlanean antolatu duten ekitaldian; pilotari gisa bizi izan dituzten esperientziak, emakume pilotarien egungo egoeraren inguruko hausnarketak zein etorkizunerako dituzten nahiak eta proposamenak partekatuko dituzte Portaleburura bertaratzen direnekin. 19:00etan hasiko da saioa eta herritar orok izango du bertaratzeko aukera.
Hain zuzen ere, emakumeei ahotsa eman nahi izan die Txulue pilota elkarteak aurtengo Pilotari Egunarekin, azken urteetan emakumeen pilotak aurrerapauso handiak eman dituen arren, oraindik ere badirelako erronkak eta oztopoak gainditzeko.
Pilota eta festa
Bihar ere, Pilotari Egunean, gazte nahiz helduentzako ekintzak izango dira egun osoan zehar. 10:00etan hasiko dute eguna, Azkoitiko pilotalekuetan egingo duten bisita gidatuarekin. Jarraian, 11:30ean, txistulariek lagundutako erraldoien eta buruhandien kalejira egingo dute. 12:00etan, berriz, hitzordu bat baino gehiago pilatuko dira. Goi mailako emakumeen binakako pilota partida jokatuko dute Kontzejupean: Iturriagak eta Orbegozok osatuko dute bikote bat, eta Barrokalek eta Agirrek, bestea; eta Azkoitiko trikitilarien kalejira ere ordu berean hasiko da.
Egun nagusia biharkoa izango bada ere, Txulue elkartekoek asteak daramatzate, pilota txapelketen aitzakian, Kontzejupearen bueltan jendea elkartzen. Bihar, lehen finala bazkal aurretik jokatuko dute: 12:30ean hasita, gizonen bi eta erdiko txapelketaren finala jokatuko dute Ion Etxanizek eta Joritz Badiolak. Finalaren osterako utziko dute, bestalde, egunari hasiera ofiziala emango dion ekitaldia. Txulue pilota elkarteak urzelaitarrak omenduko ditu aurten, "belaunaldi desberdinetan familian izan ziren pilotari handiek Azkoitiaren izena Euskal Herriko frontoi nagusietara eraman zutelako". Hala, urzelaitarren dinastiako kideek izango dute Kontzejupean jai hasierako pilotakada emateko ohorea. Bazkari arteko egitaraua osatzeko, berriz, binakako partida antolatu dute Txuluekoek: Xabier Andreu azkoitiarrak eta Mikel Goñi Goñi II.ak osatuko dute bikote bat, eta Ekain Lizeagak eta Aitor Goenaga azkoitiarrak, bestea.
Arratsaldean ere izango da festarako arrazoirik Azkoitiko kaleetan. 16:00etan, Skapaie elektrotxarangarekin hasiko da festa herriko plazan. 18:00etan, berriz, Balda plazatik Kontzejupera joango dira herritarrak, urte askoan Azkoitiaren garaipen oihua izan den Aliron juntadizoa eginda. Jendea plazan pilatzen denean jokatuko dituzte, azkenik, gizonen eta emakumeen binakako txapelketaren finalak; 18:30ean izango da emakumeena, eta 19:00etan, gizonena. Eneritzek eta Oihanak Petraren eta Joneren aurka jokatuko dute aurreneko norgehiagokan, eta Markelek eta Landerrek Ugaitz eta Xabat izango dituzte aurkari bigarren lehian. Partida guztiak jokatzen dituztenean banatuko dituzte final guztietako sariak.
Gukak, zuzenean
Guka Telebistak zuzenean eskainiko ditu zapatuko hitzordu berezienak, goizean eta arratsaldean emanaldi bana eskainita. 12:00etan hasiko du Gukaren goizeko zuzenekoa, eta 18:30ean izango dute ikus-entzuleek arratsaldeko zuzenekoarekin bat egiteko aukera. Telebistan ez ezik, Azkoitiko Gukaren webgunean ere jarraitu ahal izango dira bi emanaldiak.
Hona hemen Pilotari Eguneko egitaraua, osorik:
Gaur, ostirala. Pilotari Txiki Eguna
- 17:30-19:00. Umeentzako jolasak.
- 19:00. Mahai ingurua: Emakumeak eta pilota: egungo oztopoak eta etorkizuneko erronkak, Portaleburun. Eneritz Arrieta, Itxaso Erasun eta Naroa Agirre pilotariak ariko dira solasean.
Bihar, larunbata. Pilotari Eguna
- 10:00. Azkoitiko frontoietan bisita gidatua.
- 11:30. Erraldoien eta buruhandien kalejira, Txalkor taldeko txistulariekin.
- 12:00. Azkoitiko trikitilarien kalejira.
- 12:00. Emakumeen goi mailako partida: Iturriaga-Orbegozo eta Barrokal-Agirre.
- 12:30. Gizonen banakako finala eta sari banaketa.
- 13:00. Urzelaitarrei omenaldia eta pilotakada.
- 13:30. Gizonen goi mailako partida: Andreu-Goñi II.a eta E. Lizeaga eta Goenaga.
- 16:00. Skapaie elektrotxarangarekin festa, herriko kaleetan.
- 18:00. Aliron juntadizoa, Balda plazatik Kontzejupera.
- 18:30. Emakumeen binakako finala.
- 19:00. Gizonen binakako finala.
-
Ondoren, sari banaketa.