Anaitasuna futbol taldeak denboraldiko azken partida jokatuko du datorren zapatuan. Loren Barbado entrenatzaileak zuzentzen duen taldeak ez du edonolako hitzordua: Espainiako Hirugarren Mailara igotzea izango du jokoan Sodupe taldearen aurka, Sodupeko (Bizkaia) Hurtado Saratxo futbol zelaian (19:30).
Joan den zapatuan, Anaitasunak 5-0 hartu zuen mendean Gasteizko Iru Bat taldea, eta emaitza horri esker, zapatuan aski izango du Soduperen aurka berdintzea. Ordea, gorritxoen nahia da lehia irabaztea, inolako estutasunetan sartu gabe. Hitzordu garrantzitsu horri begira jarria da Anaitasuna futbol taldea, eta klubak partida hori ikustera joan nahi dutenentzako autobusa antolatuko du.
Aizkibel liburutegiaren alboko geralekuaren paretik abiatuko da autobusa zapatuan, 18:00etan. Dean eta Tta-kun tabernetan eman ahal izango da izena gaur arratsaldetik ostegun arratsaldera bitartean, 2 euroren truke. Era berean, klubak adierazi du 16 urtetik beherakoek heldu batek lagunduta joan beharko dutela. Soduperen eta Anaitasunaren arteko partida ikusteko sarrera, berriz, 10 euroan salduko dute.
Segurtasun protokoloa
Bi taldeetako jarraitzaileen segurtasuna bermatze aldera, bi klubetako zaleek jarraitu beharreko jarraibideak zein izango diren zehaztu du Sodupeko Udaltzaingoak. Hurtado Saratxo zelaira sartzeari, aparkatzeari eta bi zaleen arteko portaera sustatzeari lotutako neurriak hartu ditu herri horretako Udaltzaingoak.
Sodupera joango diren Anaitasunako zaleek sarrera nagusitik sartu beharko dute zelaira, 1 zenbakiarekin zehaztutako sarreratik, alegia. Gainera, more kolorez zehaztutako gunean egon beharko dute partidak irauten duen denboran; bi ateetako baten atzean egon beharko dute gorritxoek. Bi taldeetako jarraitzaileak elkarrekin nahastea ekidin nahi du hala Udaltzaingoak.
Anaitasunak lortuko balu mailaz igotzea, gorritxoen zaleek zelaian itxaron beharko dute Udaltzaingoak haiei zelaitik ateratzeko baimena eman arte. Sodupe igoko balitz, berriz, Anaitasunako jarraitzaileek 15 minutu izango dituzte partida amaitu eta gero zelaia uzteko.
Aparkatzeko aukerei dagokionez, Sodupeko Udaltzaingoak adierazi du Anaitasunako autobusentzat eta ibilgailuentzat gune bat gordeko dutela zelaiaren aurrean. Aparkaleku hori erabat mugatuko dute, bai oinezkoentzat, bai ibilgailuentzat.