Garaipen handia, azken pausoaren faltan

Andoni Elduaien 2026ko ekainaren 6a

Anaitasuna futbol taldeak astindu latza eman dio Gasteizko Iru Bat taldeari, Txerloian (5-0). Lehen zatiaren amaieran jokalari bat gutxiagorekin gelditu dira bisitariak, eta aurkariak hamarrekin aritu diren minutuetan lau gol egin dituzte gorritxoek. Datorren astean, Sodupen jokatuko du Anaitasunak, eta nahikoa izango du neurketa berdintzea mailaz igotzeko.

Anaitasunak futbol taldeak pauso sendoa eman du Txerloian gaur, zapatua, Espainiako Hirugarren Mailara igotzeko bidean. Loren Barbadok zuzentzen duen taldeak 5-0 menderatu du Gasteizko Iru Bat taldea, eta datorren astean Sodupen (Bizkaia) Soduperen zelaian jokatuko duen neurketan erabakiko dute igoera. Gaurko emaitza zabalari esker, gorritxoek aski izango dute Soduperen aurka berdintzea maila igoera eskuratzeko. 

Neurketa borobila atera zaio Anaitasunari, baina lehen zatiaren erditik aurrera aurkitu ditu ezinak zelaian, izan ditu bere nahigabeak. Nolanahi ere, gorritxoek ezin hobeto ekin diote partidari. Lehia hasi eta bi minutu eskasera, Jokin Errazu erdiko atzelariak korner erdiraketa batean aurrea hartu die aurkariei, eta hark buruz egin duen errematearekin aurretik jarri du Anaitasuna markagailuan. 

Bi hegaletatik egin dio min Anaitasunak aurkariari, zelai erdiko nagusitasuna, Galder Guemberen abiadura eta Julen Aramendiren sakontasuna baliatu dituzte-eta horretarako. Iru Bat, berriz, luze jokatutako baloien bidez saiatu da arriskua sortzen. Arrisku gutxi sortu dute Gasteizkoek, baina fede txarra usain zitekeen haien ahaleginetan. Anaitasunak nagusi izaten jarraitu duen arren, 25. minututik aurrera trabatu egin zaio neurketa. Barbadoren taldeak jokoaren ekimena izan badu ere, baloi dezente galdu du taldeak zelai erdiko espazioetan baloia jokatzeko egin duten saiakeretan, eta egoera horrek bisitariei baino ez die egin mesede. Hori hala, ordura arte erakutsitakoa baino gehiago egin zezaketela sinesten hasi dira Gasteizkoak. 

Ordea, Iru Bateko aurrelariak bigarren txartel horia ikusi du 38. minutuan, eta horrek goitik behera baldintzatu du neurketa bisitarientzat. Gainera, epailearen erabaki horrek haserrea sortu du Gasteizkoen aulkian. Gorritxoek burua hotz mantendu dute orduan, eta kolpe erabakigarria emateko baliatu dute unea. Atsedenaldia ate joka zela, eskuin hegaletik egin dute saiakera Barbadorenek, eta baloia erdiratzea lortu orduko oihukatu dute gola; izan ere, Oihan Etxaniz bakar-bakarrik agertu da ate aurrean, eta inolako oztoporik gabe lortu du egitea. Bigarren gol horrek arnasa eman die etxekoei lehen zatia amaitu aurretik, eta indarra bigarren zatiari aurre egiteko.

Aldageletako egonaldiaren ondoren, indartsu zelairatu da Anaitasuna; hasi orduko eman du gola egiteko abisua. Korner jokaldi baten ondoren egindako erremate bat atepetik atera dute gasteiztarrek. Handik gutxira, Etxanizek gutxigatik bidali du baloia kanpora, area barruan jaurtiketa gurutzatu eta gero. Gertu zebilen Anaitasuna, eta azkenean, 54. minutuan egin du hiru eta hutsekoaren gola. Ezker hegalera eraman dute jokoa etxekoek, eta Galder Guembek Gasteizkoen atzeko lerroan zuloa zegoela ikusita, Julen Larramendirekin jokatu du. Ezker hegaleko atzelaria erdiratzen hasi da baloia jaso duenean, baina Iru Bateko jokalari baten soinean jo du, eta zuzenean ate barrurako bidea hartu du. Hirugarren gola eginda, partida guztiz erabakita utzi du Anaitasunak.

Hala eta guztiz ere, Barbadorenak ez dira lasaitu, eta behin eta berriro saiatu dira aurkariaren atea erasotzen. Laugarren gola Ander Pastrianek hasitako jokaldi baten ondoren lortu du etxeko taldeak. Etxekoen aurrelariak ongi ikusi du Aramendi ate aldera zuzen mugitu dela, eta elkar ezin hobeto ulertu dira. Aramendik atzelariari lekua ondo irabazi dio, eta atezainaren aurrean gelditu da. Jaurtiketa egin beharrean, ordea, baloiarekin hari iskin egitea erabaki du Aramendik, eta dotore lortu du helburua betetzea. Hala, atea hutsik zuela lortu du Anaitasunaren laugarren gola egitea. 

Gasteizkoek handik gutxira izan dute beren gol aukera garbiena; ondo jositako jokaldi baten ondoren, Alain Sudupe atezainaren aurrean azaldu da Iru Bateko jokalari bat, baina hark gorritxoen atezainarekin egin du topo; atezainak bikain luzatu ditu besoak eta indartsu urrundu du baloia. Zelaiaren beste aldean ere ez da aukera faltarik izan azken minutuetan; zelairatu berriak ziren Jakes Diazek eta Aritz Albizurik abagune onak izan dituzte gola egiteko, baina, azkenean, Aramendik berak borobildu du festa. 85. minutuan, Albizurik ezkerrez eta goitik erdiratu du baloia areara, eta bisitariek aldaratze zinez kaskarra eginda, zelaiaren beste aldean zen Aramendiren oinetara erori da baloia. Ezker jokalariak ez du aukera alferrik galdu, eta gorritxoen bosgarren gola egin du hark baloia gozo-gozo zutoinaren ondora jaurtita. 

Amaieran, penaltien txanda ere jokatu dute, eta Iru Batek lortu du irabaztea. Dena den, balio gutxi du gerora begira horrek. Garaipen sendo eta itxaropentsua lortu du Anaitasunak bere zaleen aurrean. Gaur ezin zuen hutsik egin, eta bete-betean asmatu du hitzordua festa bihurtzen. Datorren astean, Sodupen jokatuko dute gorritxoek hiruko ligaxkako azken partida. Mailaz igotzeko azken pausoa baino ez zaie falta Barbadorenei, eta horretarako, nahikoa izango dute Sodupen berdinketa lortzea; izan ere, Sodupek baino gol average hobea du Anaitasunak. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide