Azkoitiaren hastapenak ezagutzeko aukera izango da zapatuko bisita gidatuan

Andoni Elduaien 2026ko maiatzaren 18a

San Martin auzoa, airetik. (Alex Berasategi)

Ordu eta erdi eskasean Azkoitiak herri bezala egindako hastapenak ezagutzeko aukera izango dute bisitan parte hartzen dutenek, San Martin auzoan zehar. Dena den, izena eman beharko da aurrez horretarako. 

Urola Turismoak antolatuta, asteburuan egingo dute 2026ko Urola, historia eta paisaia bazterrak egitasmoko Azkoitiko lehen bisita gidatua, San Martin: Azkoitiaren hastapenak izeneko bisita egingo dute-eta bi egunez. Zapatuan, hilak 23, euskaraz eskainiko dute bisita, eta hurrengo egunean, gazteleraz. Bi kasuetan 11:00etan abiatuko dute bisita parte hartzaileek, Andre Mariaren Jasokundeko parrokiaren ataritik. 

Ordu eta erdiko ibilaldia egingo dute bi egunetan, eta bertan Azkoitiak herri bezala egindako hastapenak azalduko dituzte. San Martin muinoak gordetzen dituen aztarna zaharrenei buruzko azalpenak emango dituzte batetik, eta bestetik, auzoaren bilakaera historikoari lotutako beste hainbat elementu aurkeztu.

Bisita gidatuan parte hartzeko, ordea, izena eman beharko da aldez aurretik. Horretarako, Urola Turismoak hainbat bide ditu zabalik: Loiolako turismo bulegoan bertan (Loiolako santutegi aurrean), aurrez aurre eman daiteke izena; bulegoko 943-15 18 78 telefono zenbakira deituta edo 688 75 94 29 telefono zenbakira whatsapp mezua idatzita; edota i-loiola@urolaturismoa.eus helbidera idatzita.

Bisita gehiago, aurrerago

Datorren asteburuko bisita gidatuez gain, Azkoitian beste bi bisita egiteko parada ere izango da datozen hilabeteetan. Uztaileko eta abuztuko lehen asteburuetan izango dira hurrengo hitzorduak. Uztailean, pilotari lotutako bisita eskainiko dute, eta abuztuan, herriko dorretxeak eta jauregiak izango dituzte hizpide. Hona hemen horiei buruzko informazioa:

Uztailak 4 eta 5, larunbata eta igandea:

  • Azkoitia pilotaren sehaska. 11:00etan Azkoitiko Kontzejupetik. Uztailaren 4an euskaraz, eta 5ean gaztelaniaz. Ordu eta erdiko ibilbide laburra izango da.

Abuztuak 1 eta 2, larunbata eta igandea:

  • Azkoitia, dorretxe eta jauregi artean. 11:00etan, Azkoitiko parrokia aurretik irtenda. Abuztuaren 1ean gaztelaniaz, eta 2an euskaraz. Ordu eta erdiko iraupena izango du.

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide