Hainbat herritarrek antolatu duten Palestinaren Aldeko Astearen barruan, herrialde horretako errealitate politikoa ulertzeko solasaldia izan zen atzo arratsaldean Portaleburun. 2006an han izan ziren bi azkoitiarrek eskaini zuten hitzaldia, eta Palestinako historiari errepasoa egiteaz gain, egonaldi hartan ikusi eta bizi ahal izan zutena kontatu zuten saioan, Israelen okupazioari eta zapalkuntzari erreparatuta.
Hango atzoko eta gaurko errealitatearen hausnarketa egitea ere bazen atzoko hitzaldiaren asmoa, eta horregatik, bi lagunen hitzaldiak tertuliarako bidea hartu zuen Portaleburun elkartu ziren herritarrekin.
Palestinaren Aldeko Astearen bidez, kolonialismoa, apartheid-a, okupazioa eta genozidioa gelditzea eskatu nahi dute antolatzaileek, eta horretarako beste hainbat ekintza ari dira egiten: astelehenetik zabalik da Palestinako historia ardazten duen erakusketa Portaleburun, eta gaur arratsaldean hainbat ekintza izango dira: 18:00etan, mokadua egingo dute Anariren musika emanaldiarekin, eta 19:00etan, Palestinari elkartasuna adierazteko elkarretaratzea egingo dute plazan.