Herritar talde batek Palestinaren Aldeko Astea antolatu du egunotarako, 80 urte betetzear baitira Israelgo Estatuak bere independentzia aitortu zuela, eta ondorioz, ehunka mila palestinarren exodoa hasi zela. Hain zuzen, erakusketa batekin hasi dute Palestinari horri elkartasuna adierazteko egitasmoa; atzo zabaldu zuten herrialde horren aurkako gaur egungo genozidiora iristen den ibilbide historikoa errepasatzen duen erakusketa Portaleburun, eta igandera arte egongo da ikusgai.
Palestinaren historia orokorra ez ezik, Israelgo Estatuaren sorrera eta palestinarren exodo hura gogoratzen duen Nakba dolu eguna, Palestinako erresistentzia eta panarabismoa zein Osloko Ituna gogoratzen ditu erakusketak hainbat panelen bidez, eta emakumeen rolean zein haurrengan ere arreta jarri dute, besteak beste, Palestinaren aurkako okupazioa ulertzeko.
Palestinaren Aldeko Astearen bidez, hain zuzen, kolonialismoa, apartheid-a, okupazioa eta genozidioa gelditzea eskatu nahi dute antolatzaileek, eta horretarako beste hainbat ekintza ere izango dira aste honetan: ostegunean, esaterako, Palestinako errealitate politikoari buruzko hitzaldia eta hausnarketa egingo dituzte Portaleburun, 18:00etan. Ostiralean, berriz, mokadua egingo dute Anariren musika emanaldiarekin ordu berean, eta 19:00etan, Palestinari elkartasuna adierazteko elkarretaratzea egingo dute plazan.