Espainiako 18 urteko selekzioarekin aritzeko deitu dute Nora Arozena

Andoni Elduaien 2026ko maiatzaren 8a

Nora Arozena. (Unai Murillo)

Hilaren 15etik 18ra bitartean selekzio horrek egingo duen egonaldi batean parte hartuko du saskibaloi jokalari azkoitiarrak. Udan jokatuko duten U18 Europako Txapelketa prestatuko dute Azuqueca de Henares (Guadalajara, Espainia) herrian. 

Nora Arozena (Azkoitia, 2008) ISBko saskibaloi jokalaria deitu du Espainiako 18 urtez azpiko selekzioak. Maiatzaren 15etik 18ra bitartean egonaldia egingo du selekzio horrek Isaac Fernandez hautatzailearen esanetara, eta Arozena izango da taldea osatuko duten hamasei jokalarietako bat.

Azuqueca de Henares (Guadalajara, Espainia) herrian egingo du egonaldia saskibaloi jokalariak. U18 Europako Txapelketa jokatuko du Espainiako selekzioak Stockholmen (Suedia), abuztuaren 1etik 9ra bitartean, eta behin betiko deialdia osatu aurretik egingo duten egonaldian parte hartuko du Arozenak. Espainia C multzoan arituko da, eta Eslovenia, Turkia eta Montenegro izango ditu aurkari.

Gaztea izanagatik ere, pibot azkoitiarrak minutu dezente jokatu ditu aurten ISBren lehen taldearekin. Gainera, Arozenak ez du aurreneko aldia izango Espainiako selekzioarekin; izan ere, 5x5 nahiz 3x3 modalitateetan selekzio horrekin aritzeko deitu izan dute hura. Iaz, 18 urtez azpiko Gazte Olinpiada Jaialdiaren 3x3 Txapelketa jokatu zuen azkoitiarrak, eta 2023an, Junior NBA nazioarteko txapelketa irabazi zuen 15 urtez azpiko selekzioarekin.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide