Azkoitiko Udalak herrian dauden bi dorre elektriko kentzeko lanak hasiko ditu datorren igandean. Zehazki, Bizenta Mogel kalean Izarraitz Lanbide Heziketaren aurrean eta Beidazar kalean Altamirako aparkalekuen ondoan dauden dorreak kenduko ditu.
Lanen eraginez, Bizenta Mogel kalearen tarte bat moztu egingo da ibilgailuentzat. Hain justu, beilatoki ondoko biribilgunetik Bizenta Mogel 10 zenbakira bitarteko tartea moztuko dute.
Lineak lurperatzeko lanak amaituta daudela azaldu du udalak, Txalonerrekan egiten ari diren urbanizazio obren barruan egin dituztelako. Hain zuzen, lan horiek aprobetxatu dira dorreak kendu ahal izateko, eta lineak lurperatzeak ikusmen inpaktu txikiagoa eta segurtasun handiagoa emango duela azaldu du erakundeak.
Era berean, udalak berriki jakinarazi du Txalonerreka auzora behin behinean lekualdatu zuten dorre elektrikoa lurperatuko duela. Horretarako, 300.000 euroko partida bideratu du.