San Martinen aparkalekuak eraikitzeko eta Txalonerrekako dorre elektrikoa lurperatzeko partida bana bideratu du udalak

Andoni Elduaien 2026ko maiatzaren 6a

Gurutzeaga etxearen ondoko eremu honetan eraikiko dituzte aparkalekuak. (Guka)

Guztira, 800.000 euro bideratuko ditu erakundeak bi lan horietara. Batetik, Txalonerreka auzoko dorre elektrikoa lurperatuko dute, eta bestetik, San Martinen, Gurutzeaga etxearen parean dagoen aparkalekua estaliko dute. Ana Azkoitia alkateak esan du "beharrezkoak" direla bi jarduketak.

San Martin auzoan aparkaleku berriak sortzeko eta Txalonerreka auzoko dorre elektrikoa kentzeko partida bana jarri du Azkoitiko Udalak. Guztira, 800.000 euro bideratuko ditu erakundeak bi lan horietara. Hain justu, 300.000 euroko partida erabiliko dute Txalonerrekako dorre elektrikoa kentzeko eta 500.000 euro inbertituko dituzte Gurutzeaga etxearen parean dagoen aparkalekua estaltzeko. Ana Azkoitia alkateak azpimarratu du "beharrezkoak" direla bi esku hartzeak.

San Martin auzoan, batetik, 500.000 euro inbertituko ditu udalak Gurutzeaga etxearen parean dagoen aparkalekua estaltzera. Obra horiek eginda, aparkalekuaren espazioa handituko dute; izan ere, estalkiaren gainean aparkaleku berriak sortuko dituzte. Proiektua idatzita du jada erakundeak, eta orain, gauzatzea da haren helburua. "Gurutzeaga pareko egungo aparkalekuak 480 metro koadroko azalera du, eta jarduketari esker aparkatzeko espazioa ia bikoiztu egingo da", adierazi du alkateak.

Azkoitiak nabarmendu du, halaber, udalak "hasieratik hartutako konpromisoa" dela auzoan "ahalik eta aparkaleku gehien ateratzea". Lan horiek gauzatzearekin bat, udalak "oinezkoen konektibitatea hobetzea" du xede. "Tokiak desnibel nabarmena du. Horregatik, solairu bakoitzak bereizitako sarbideak izango ditu", azaldu du Azkoitiak. 

Bestetik, iazko maiatzean Txalonerreka auzora behin behinean lekualdatu zuten dorre elektrikoa lurperatuko du udalak; izan ere, erakundeak uste du hango dorre elektrikoa kentzeak ingurunean sortzen duen "ikusmen inpaktua desagerrarazi" egingo duela. Hain justu, joan den asteko udalbatzarrean onartu zuen udalak jarduketa horri ekiteko diru partida. "Txalonerreka eraldatu egin da Malkorbideko bide berriarekin, eta gehiago eraldatuko da aurreikusitako hirigintza eta urbanizazio garapena aurrera doan heinean. Hobekuntzak egin nahi ditugu, eta kableak lurperatzea irizpide horren barruan sartzen da", esan du alkateak. 

Txalonerrekako dorre elektrikoa lurperatu egingo dute. (Udala)

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide