Igor Zubeldia Realeko futbol jokalari azkoitiarra omenduko dute bihar, zapatua, Txerloia futbol zelaian. Udalak eta Anaitasuna futbol taldeak elkarlanean antolatu dute Realarekin Espainiako Errege Kopa irabazi izanagatik Zubeldiari aitortza egiteko ekitaldia, eta hain justu, gorritxoen gizonen taldeak Deustoren aurka etxean jokatuko duen ligako partida baliatuko dute horretarako.
16:45ean hasiko da ekitaldia Txerloian, eta orduan jasoko du herriaren esker ona futbolari azkoitiarrak. Txerloirako sarrera libre izango da, doakoa, alegia. Anaitasunak, gainera, beste hainbat ekintza antolatu ditu biharko hitzorduari lotuta. Batetik, partidaren bueltan egingo duten errifan Zubeldiak sinatutako Realeko kamiseta zozkatuko dute, eta bestetik, Eraldatzen musika taldeak Anaitasunari eskaini dion abestia estreinatuko dute.
Realarekin bigarrenez altxatu du Zubeldiak Espainiako Errege Kopa aurten. Lesio bat tarteko, futbolariak ezin izan zuen Sevillako La Cartuja estadioan (Espainia) Ateltico Madrilen aurkako finala jokatu, baina taldeko kapitainetako bat izanik, Mikel Oiarzabalekin eta Aritz Elustondorekin batera altxatu zuen garaikurra. Ordea, Sevillako finala jokatu ahal izateko, ezinbestekoa izan zen azkoitiarrak Osasunari final zortzirenetan sartutako gola. 94. minutuan egin zuen orduan gola Zubeldiak, Realari txapelketan aurrera jarraitzea ahalbidetuz.
Sagarzazu ere bai
Zubeldiarekin batera, Javier Sagarzazu (Azkoitia, 1958- Carral, A Coruña 1987) ere gogoratuko dute Txerloian. Hark ere, Zubeldiak bezala, Espainiako Errege Kopa irabazi zuen Realarekin. Hain justu, 1987an urtean irabazi zuen txapelketa hori Sagarzazuk, Realak Zaragozako (Espainia) Romareda zelaian Atletico Madrili irabazi ondoren. A Coruñako Deportivorekin lagunarteko partida bat jokatzera zihoala, ordea, urte hartako abuztuan zendu zen Sagarzazu. Omenaldi ekitaldi horretan Sagarzazuren familiak parte hartuko du, besteak beste.