Igor Zubeldia futbol jokalari azkoitiarrak Espainiako Kopa irabazi du Realarekin. Arauzko denbora eta luzapena 2-2 amaitu ondoren, txuri-urdinek penaltietan irabazi zioten Atletico Madrili atzo, Sevillako (Espainia) Cartuja futbol zelaian, azken uneraino tentsioa nagusi izan zen finalean. Atzokoarekin, Realaren gizonezkoen taldeak historian irabazi duen laugarren Espainiako Kopa eskuratu du: aurrez, 1909an, 1987an eta 2021ean zuen lortua.
Zubeldiak ez zuen finala jokatu, lesio baten ondorioz, baina hark ere pozez zoratzen altxatu zuen Espainiako Kopa. Partidaren amaieran, azkoitiarrak etxekoak izan zituen gogoan EITBri egindako adierazpenetan. Pertsonalki "une zailak" bizitzen ari direla adierazi zuen hark, "alaba txikiaren" jaiotzaren geroztik, baina "zorionez guztia ondo" doala azaldu zuen.
Sevillan, ez ezik, Azkoitian ere jai giroa nagusitu da bart realzaleen artean. Izan ere, ehunka izan ziren udalak plazan jarritako pantaila handiaren bidez partida zuzenean ikusi zutenak. Zaleek txiki utzi zuten plaza, eta gogotik aritu ziren Reala animatzen; amaieran, festa lehertzeraino.
Beheko argazkietan ikus daiteke atzo plazak hartu zuen itxura:
Bestalde, asteburuan Sevillan izan diren eskualdeko realzaleei egindako elkarrizketekin zein hango giroarekin osatutako bideoa argitaratuko du gaur Gukak.