"Jaialdiak ospea hartu du, eta jendeak balioa eman dio"

Ane Olaizola 2026ko maiatzaren 4a

Holz Und Blech amaitu eta biharamunean, aurtengoak eman duen balorazio positiboa egin dute antolatzaileek, eta "oso gustura" azaldu dira festibalak izan duen erantzunarekin. 

Emendatu dituzte musika eta soinu gailu guztiak Holz Und Blech jaialdiaren asteburu luzearen ondoren, eta Zuhaitz Urain Zizu musika elektroniko zalearen omenez urtez urte antolatzen duten egitasmoaren hamargarren urteurrena amaitu berritan, jaialdiak aurten eman duenaren balorazio positiboa egin du Holz Und Blech elkarteak. Izan ere, jaialdiak izan duen erantzunarekin "oso gustura" azaldu dira antolatzaileak aurtengo edizioaren biharamunean. 

Ostegunean Zizu omenduz jaialdia hasi zutenetik, Euskal Herriko zein nazioarteko 40 disko jartzaile baino gehiagok eskaini dituzte zuzenekoak herriko hamabost stage edo gunetan. Eguraldiari iragarpenaren eraginez, Goiko Losako gunea bertan behera utzi eta hango saioak Matadeira lekualdatu egin behar izan zituzten antolatzaileek larunbatean, baina aldaketa horien aurrean publikoak "ondo" erantzun duela adierazi du elkarteak, azpimarratuz Matadeiko aretoa bi egunetan bete egin dela. 

Hain zuzen, jaialdiak beste behin zale ugari elkartu dituela azaldu dute, eta hamargarren aldian, kanpotik "asko" etorri direla gaineratu dute. "Jaialdiak ospea hartu du, eta jendeak balioa eman dio. Horren adibide izan da aurtengoa". Artistak beraiek ere "pozik eta esker oneko" agertu dira jaialdian bizi izan dutenarekin, eta haiengandik jaso duten erantzuna ere "oso ona" izan dela esan dute antolatzaileek. 

Agertokietako zein tabernetako guneek "ondo" funtzionatu dutela ere gaineratu du elkarteak, horiek guztiek beren ekarpena egin dutelako jaialdia aurrera eramaterakoan. Horrenbestez, Holz Und Blech-ek eskerrak eman dizkie jaialdia gauzatzen lagundu dutenei zein bertaratu diren zale guztiei.  

(Argazkiak: Aitziber Arzallus eta Holz Und Blech)

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide