Abian da hiru egunez herria musika elektronikoaren plaza bilakatzen duen Holz Und Blech jaialdiaren hamargarren edizioa, eta ohitura duten moduan, egitasmoaren izateko arrazoia gogora ekarriz ekin diote aurtengoari ere. Balda plazan izan da Zuhaitz Urain Zizu zenari eta haren familiari eskainitako ekitaldia, xumea bezain hunkigarria, eta malkotutako hainbeste begik agerian utzi dute hamarkada bat igarota ere joandako laguna zeinen presente duten askok eta askok.
Jaialdiari hasiera ofiziala omenaldiarekin eman badiote ere, aurrez, 17:30ean hasita, familientzako saio bat egin dute eliz atarian, festaz eta parrandaz harago, musika elektronikoari lotutako kultura herrian ahalik eta gehien zabaltzea baita antolatzaileen helburua.
Balda plazako omenaldiaren ostean, berriz, Galipanen hartu dute aterpe askok, baina ez kanpoan euria egiten zuelako, hurrengo hitzordua han zutelako baizik; Mikel Urkixo idazlearekin solasaldia, hain zuzen. Duela bi urte Euskal Herria Underground: 1986-2015 Bidaia elektroniko bat liburua kaleratu zuen hark. Euskal Herrian musika elektroniko "bazterreko eta autentikoenak" lehen hamarkadetan egin zuen bidea errepasatzen du liburuak, orduko protagonista batzuen eskutik, eta lan hori izan du hizketagai.
Hiru hitzordu horiekin joan da gaurkoa, baina oraindik bi egun bete-bete dituzte aurretik musika elektronikoaren zaleek. Igande goizera bitartean, 40 disko jartzaile baino gehiagoren saioak izango dira herrian, jaialdirako prestatutako hamabost stage edo gunetan. Bihar, Plazaberrin, Matadeixen eta Latz nahiz Txalintxo tabernetan izango dira saioak; zapatuan, berriz, Goiko Losan, Berdura Plazan, Dean, Zurt, Latz, Txalintxo, Hika, Etxe-aitz, Koxka, Tta-kun zein Galipan tabernetan eta Laja jatetxean. Han amaituko da dantzaldia, igande goizean.
Hona hemen biharko eta etziko egitaraua:
Ostirala, maiatzak 1
- 12:00-14:00. Kapitaina DJa, Plazaberrin.
- 18:00-02:00. House One, Hugo, Mariiin eta Unai Trotti DJak, Matadeixen.
- 02:00-06:00. Krakow eta Beba DJak, Latz tabernan.
- 02:00-06:00. Pizky eta Avo DJak, Txalintxo tabernan.
Zapatua, maiatzak 2
- 12:00-00:00. Albi, Traxx Jr., Galiano, Mari.Te, Borja S. eta Javier Carballo DJak, Goiko Losan.
- 16:00-22:00. Checkboyz, Zatibi, DJ Radar eta Bobby DJak, Berdura Plazan.
- 00:00-04:00. Anartz eta Alexander Loop DJak, Dean tabernan.
- 00:00-04:00. Celia Carrera eta Neska DJak, Zurt tabernan.
- 00:00-06:00. Balza, Elpidio eta Gela DJak, Latz tabernan.
- 18:00-06:00. Murxi, Coel, LN, Luska, Garai eta Victorio DJak, Txalintxo tabernan.
- 22:00-02:00. Loreak eta Willy DJak, Hika tabernan.
- 00:00-04:00. Elektropeña eta Xugua DJak, Etxe-Aitz tabernan.
- 00:00-04:00. Bier eta Kintana DJak, Koxka tabernan.
- 00:00-04:00. Josu Aranburu eta Vita V DJak, Tta-kun tabernan.
- 00:00-04:00. Porruu eta Tsuruta DJak, Galipan tabernan.
- 06:00-10:00. Mari.Te eta Javier Carballo DJak, Laja jatetxean.