Dokumentalak

San Martin auzoari buruzko dokumentala, osorik ikusgai

Guka telebista 2026ko apirilaren 22a

Dokumentalak San Martin auzoaren sorrera eta garapena kontatzen ditu, eta auzoan bizi izan zirenen eguneroko bizitza eta harremanak azaldu. Dokumentalaren egileek Gukaren esku jarri dute ikus-entzunezko lana. 

Azkoitiko San Martin auzoaren historia eta bizipenak jasotzen dituen dokumentala ondu dute Javier Beristainek (Azkoitia, 1953) eta Mari Karmen Elorzak (Azkoitia, 1955), eta lan hori Baztartxo antzokian birritan eman eta gero, egileek Gukaren esku jarri dute lana. 

Auzoaren sorrera eta garapena azaltzen ditu ikus-entzunezkoak batetik, eta bestetik, auzoan bizi izan zirenen eguneroko bizitza eta harremanak kontatzen dituena. Hori hala, 80 urtetik gorako hamaika lagun elkarrizketatu dituzte, guztiak ere ume garaian auzoan bizi izandakoak. Elkarrizketez gainera, 70 argazki zahar, oraingo beste 30 argazki, bideoz grabatutako irudiak, musika eta bertsoa txertatu dituzte dokumentalean.

Guztira, 23 pertsonak parte hartu dute dokumentala ontzeko lanetan. Monica Torres bideogileak grabatu ditu irudiak; Joseba Beristain musikariak jarri dio musika lanari; Silvia Etxanizek hainbat bertso egin ditu eta Naia zein Nora Arrizabalaga bertsolariek abestu dituzte horiek; eta hainbat figurantek ere parte hartu dute dokumentalean.

XX. mendearen hasieran sortu zen San Martin auzoa, langileentzako etxebizitza premia bati erantzuteko. Rikardo Otaño orduko Azkoitiko alkateak bultzatuta, auzolana izan zen eraikuntzaren oinarri. Dirurik ez zutenek lanarekin ordaindu zuten etxea. San Martingo etxe merkeak deituriko horiek bi aldiz inauguratu zituzten: lehen inaugurazioa 1927an izan zen, eta Alfontso XIII.a Espainiako orduko erregea izan zen inaugurazioan. Gerora etxe gehiago egin zituzten, eta 1929an bigarren inaugurazioa egin zuten, momentuko agintari ospetsuenak han zirela. 99 etxe egin zituzten guztira, nahiz eta gaur egun 100 dauden, 1960ko hamarkadan etxebizitza berri bat gehitu baitzioten aurrekoei.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide