Azkoitiko Gaztetxea

Azkoitia Lantzenen Administrazio Kontseiluak alboratu egin du Gaztetxea husteko bide judiziala hastea

Ane Olaizola 2026ko martxoaren 30a

Ana Azkoitia Azkoitia Lantzeneko presidenteak gaur goizerako deitua zuen Administrazio Kontseilua, eta epaitegian Gaztetxea husteko agindua aurkeztea proposatu du. Ordea, gehiengoa osatzen duten EH Bilduk eta Azkoitia Baik horren kontra bozkatu dute, eta horrenbestez, "elkarrizketaren bideari" eutsiko diote. 

Azkoitia Lantzenen Administrazio Kontseilua bildu da gaur, joan den ostegunean Azkoitiko Gazte Asanbladak, Gaztetxe bihurtzeko asmoz, Julio Urkixo kaleko eraikin bateko goiko solairua okupatu eta gero. Azkoitiko Udalaren Azkoitia Lantzen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorlur sozietate publiko da Lidl supermerkatua egon zen eraikin horren jabea, eta Ana Azkoitia alkateak okupazioaren biharamunean hala deitu moduan egin dute ordezkariek bilkura goizean; izan ere, Azkoitiak orduan jakinarazi zuen, Azkoitia Lantzenen presidente gisa, espazio hori husteko eskaera aurkeztuko zuela gaurko bilkuran, eta hala egin dute Azkoitiak zein bere alderdikideek (EAJ). PSE-EEk babestu egin du bide judizialari ekitea, baina ez da aurrera atera presidentearen eskaera, gehiengoa osatzen duten EH Bilduk eta Azkoitia Baik kontra bozkatu baitute. Horrenbestez, Azkoitia Lantzenek ez du baimenik izango eraikina "berreskuratzeko", eta argitu du "elkarrizketaren bideari" heltzea erabaki dutela. 

Azkoitiko sozietate publikoak erabakia hartuta, horren gaineko irakurketa plazaratu du Azkoitiak ohar batean. Harez ustez, herrian badaude espazioak kontzertuetarako, bilerak egiteko zein bestelako kultur ekitaldietarako, eta gogora ekarri du udalak Kultur Etxeko gela bat utzi ziola espazioa hartu duen Azkoitiko Gazte Asanbladari bere erabilerarako, "beste elkarteei" egin izan dien moduan. Gaztetxearen inguruan, berriz, "beharrak, nahiak eta helburuak" ikusi behar direla azaldu du Azkoitiak, eta aurreratu "asko" dagoela "hitz egiteko eta aztertzeko". "Hau ez da egun batetik besterako kontua. Udal bezala lan egin dugu eta lan egiten jarraituko dugu gazte guztientzat, bere osotasun guztian”.

Ordea, alkateak "argi" du sasoi batean Lidl supermerkatua kokatuta egon zen Julio Urkixo etorbideko eraikin hori ez dela Gaztetxe batentzako lekua, etxebizitzak egiteko eraikina eraistea onartu baitzuen udalak 2022an. "Eraikinari dagokion industria-aurri eta eraispen espedientea aspalditik martxan dago. Eremu horrek etxebizitzentzat izan behar du”, berretsi du hark. Era berean, inguruan bizi diren herritarrekin bizikidetza arauak errespetatzeko eskatu die Azkoitiko Gazte Asanbladako kideei: “Bizilagunak kezkatuta daude, eta haiek ere badituzte euren eskubideak. Ahaztu egiten zaigu baten eskubideak bestearenak hasten direnean bukatzen direla”.

Ildo horretan, gaur goizean udal ordezkariek jasan duten "intimidazioa" salatu du Azkoitiak. Izan ere, Azkoitia Lantzenen Administrazio Kontseilua bildu aurretik gazte talde bat udaletxera sartu da, eta Gaztetxearen alde "oihuka" aritu dira. “Besteen hitzak mehatxutzat hartzen dira azkar, eta gaur goizekoa, zer da? Ondo hartzekoa?”, esan du gertaeren aurrean. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide