Epaitegian kaleratze agindua eskatzea proposatuko du Ana Azkoitiak

Aitziber Arzallus 2026ko martxoaren 27a

Hainbat lagun Azkoitian okupatu duten eraikinaren kanpoaldean, atzo arratsaldean. (Julene Frantzesena)

Azkoitiko Gazte Asanbladako kideek hartu duten eraikinaren jabeak Azkoitia Lantzen eta Etorlur dira, Azkoitiko Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren sozietate publikoak hain zuzen. Azkoitiko alkatea da Azkoitia Lantzenen presidentea eta astelehenerako deitu du gaia jorratzeko Kontseilua. Legez kanpoko okupaziorik ez duela onartuko garbi utzita, epaitegira jotzea proposatuko du Kontseilu horretan.

Atzo arratsaldean jakinarazi zuen Azkoitiko Gazte Asanbladak (AGA) garai batean Lidl supermerkatua kokatuta egon zen Julio Urkixo etorbideko eraikinaren goiko solairua hartu duela, Azkoitiko Gaztetxea izateko, eta Ana Azkoitia alkatea kezkatuta agertu da horregatik. Ohar bidez argitu du eraikinaren jabeak Azkoitiko Udalaren Azkoitia Lantzen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorlur sozietate publikoena dela, eta jakinarazi du, Azkoitia Lantzenen presidentea bera izanda, astelehenerako deitu duela Kontseilua gaia jorratzeko. Azkoitiak garbi dauka zer egingo lukeen: "Epaitegian kaleratze agindu eskaera aurkeztu. Ezin dugu legea urratu. Ebazpen judiziala eman arte itxaron behar dugu zerbait egin ahal izateko. Nik kaleratze agindua baimentzeko prozedura abiatzea proposatuko dut".

Alkateak "argi eta irmo" hitz egin du: "Ez dugu legez kanpoko okupaziorik onartuko. Intsaustiko eremua urbanizatu eta etxebizitzak eraikitzea da gure asmoa, eta horretarako ari gara lanean". Edonola ere, pazientzia eskatu die Julio Urkixoko bizilagunei, "horrelako prozedurak nahi baino gehiago luzatzen direlako, eta ez direlako ez errazak eta ez atseginak izaten". Horrez gain, alkateak elkarbizitza arauak eta jabetza eskubidea errespetatzeko eskatu die eraikina hartu dutenei. "Zilegi da Gaztetxea eskatzea, baina eraikin bat okupatzea protesta gisa, ez da ezer aldarrikatzeko bidea. Eraikina borondatez uzten ez badute, beren borondatearen aurka egin beharko dute. Espero dut ahalik eta gatazka gutxienarekin bideratzea gaia".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide