Hiru aste barru igaroko da 24. Korrika Azkoititik, eta herritarrek egun osoko festarekin emango diote ongietorria euskararen aldeko marea erraldoiari, Korrika batzordeak goizetik iluntzera arteko egitaraua prestatu baitu martxoaren 28rako.
Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak antolatzen duen Geure Gelatik liburu azokaren azken egunarekin egokituko da aurten Korrikaren etorrera, eta beraz, herritarrek, eguerdira bitartean, emakumeek idatzitako euskarazko liburuen azokarekin gozatu ahal izango dute Elkargunean. Horrez gain, Gukak jarriko duen txokoaren bidez, eskulan tailerrean parte hartzeko aukera ere izango dute haurrek.
Giroa berotzeko, berriz, eguerdian Bizikorrika egingo dute Kale Nagusian dagoen Donibane okindegiaren paretik. Bertan, adin eta abiadura guztietara egokitutako korrikaldia egingo dute herritarrek. Segidan, trikitilariek eta bertsolariek herriko txokoak girotuko dituzte.
Herri bazkaria ere egingo dute herriko plazan. Euskal Parrillakoek prestatuko dituzte helduentzako eta haurrentzako menuak, eta izen ematea zabalik dago martxoaren 18ra arte; AEKren bulegoan eta Dean tabernan eskuratu daitezke txartelak. Helduentzat entsalada mistoa, baserriko oilaskoa eta txerri saiheskia parrilan, pasteltxoak eta ogia, kafea nahiz edariak eskainiko dituzte (25 euro), eta haurrentzat iberikoak, urdaiazpiko kroketak, parrilan erretako oilaskoa, izozkia, ogia eta edariak (18 euro). Gluten gabeko menua, laktosa gabeko menua edota menu beganoa ere eskatzeko aukera ere izango dira, eta menu horietako bat nahi dutenek galdetegi hau bete beharko dute. Antolatzaileen arabera, dagoeneko 250 lagunek eman dute izena. Nolanahi ere, AEK-k aurreikusten du 500 bat lagunek emango dutela izena.
Bazkalostean, berriz, Tor magoak ikuskizuna eskainiko du plazan. 18:30ean, berriz, Korrika iritsiko da Azkoitira, eta herritarrak hara batu ostean ere jarraituko du festak, Gotx elektrotxarangarekin. Era berean, egunean zehar txosna bat jarriko dute plazan.
Hemen martxoaren 28ko egitaraua:
- 10:00. Geure Gelatik azoka Elkargunean.
- 11:30-14:00. Guka txokoa plazan. Umeentzako eskulan tailerra.
- 12:30. Bizikorrika Donibane okindegiaren paretik.
- 13:00. Triki-bertso poteoa eliz ataritik.
- 14:30. Bazkaria plazan.
- 16:30. Tor margoa plazan.
- 18:30. Badator Korrika!
- 19:30. Gotx elektrotxaranga plazatik.
- Egunean zehar, txosna plazan.