Pilota goxoko Gipuzkoako Txapelketako partidak izango dira asteburuan Kontzejupean

Andoni Elduaien 2026ko martxoaren 5a

LarraƱaga, Antiguan jokatutako txapelketan. (GEPF)

Zapatuan zortzi partida jokatuko dituzte Kontzejupean, 10:30ean hasita. Igandean, berriz, 11:00etatik aurrera ikusi ahal izango dira finalerdiak eta finala. Hain justu, igandeko 12:30ean izango da final nagusia. 

Pilota goxoko Gipuzkoako Txapelketa asteburuan iritsiko da Azkoitira. Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak (GEPF) antolatutako txapelketa otsailak 21-22 asteburuan hasi zuten Donostiako Antiguan, eta datorren zapatuan nahiz igandean jokatuko dituzte Azkoitiko txapelketari lotutako lehiak, Kontzejupe frontoian.

Guztira, hamar taldek eman dute izena, eta tartean dira Azkoitiko zenbait ordezkari. Nolanahi ere, Azkoitian hamar bikotetatik zortzik parte hartuko dute. Lehiakide horiek guztiek 10:30ean hasita jokatuko dituzte partidak zapatuan, eta igandean, 11:00etatik aurrera. Hain justu, zapatuan ligaxkako partidak jokatuko dituzte, eta igandean, finalerdiak nahiz finala. Bi multzotan banatuko dute asteburuko txapelketa, eta multzo bakoitzeko onenak, besteko bigarrenaren aurka jokatu beharko du igandean finalerdia. Bi finalerdietako irabazleek, berriz, igandeko 12:30ean jokatuko dute Azkoitiko final nagusia. 

Partida guztiak 12 tantora jokatuko dituzte, eta kopuru horretara iristen den bikoteak bi puntu pilatuko ditu. Aldiz, galtzaileak puntu bat jasoko du, eta esku hutsik geldituko da aurkezten ez den bikotea. Azkoitiko txapelketa irabazten duenak, berriz, 25 puntu pilatuko ditu; 20 puntu jasoko ditu bigarren sailkatuak; hamazazpi bilduko ditu hirugarrenak; hamabost laugarrenak; eta hamabina eskuratuko dituzte txapelketan parte hartzen duten gainerakoek. 

Txapelketa berri honen lehen fasea Gipuzkoako lau pilotaleku berezitan jokatuko dute. Antiguako eta Azkoitiko hitzorduen ondoren, Zizurkilgo zimitorioan (martxoak 28-29) eta Oiartzungo Kontzejupean (apirilak 18-19) jokatuko dituzte hurrengo lehiak. Lau herrietako txapelketak aintzat hartuta puntu gehien lortzen dituzten lau talde sailkatuko dira bigarren eta azken fasera. Maiatzean jokatuko dute hurrengo fase hori, baina federazioak oraindik zehazteko ditu eguna eta egoitza.

Hona hemen zapatuko partidak eta haien ordutegiak:

  • 10:30. Larrañaga-Garate-Zubizarreta vs Arrieta-Gorostidi (A multzoa)
  • 10:50. Azkoitia-Lasa-Uranga vs Larrea-Larrea-Gartzia (A multzoa)
  • 11:10. Aranburu-Iparragirre vs Badiola-Garate-Epelde (B multzoa)
  • 11:30. Elustondo-Murgiondo-Gesalaga vs Urbieta-Karrera (B multzoa)
  • 11:50. A multzoko lehen partidako irabazlea vs A multzoko bigarren partidako galtzailea
  • 12:10. A multzoko bigarren partidako irabazlea vs A multzoko lehen partidako galtzailea
  • 12.30. B multzoko lehen partidako irabazlea vs B multzoko bigarren partidako galtzailea
  • 12:50. B multzoko bigarren partidako irabazlea vs B multzoko lehen partidako galtzailea

Eta hona hemen igandeko partiden ordutegiak: 

  • 11:00. A multzoko lehen sailkatua vs B multzoko bigarren sailkatua
  • 11:30. B multzoko lehen sailkatua vs A multzoko bigarren sailkatua
  • 12:00. Hirugarren eta laugarren postua erabakitzeko lehia. 
  • 12:30. Finala.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide